Miren Agur Meabek idatzitako 'Mila magnolia lore' (Mensajero) eta Ainhoa Irazustabarrenak itzulitako 'Zein polita den Panama!' (Kalandraka-Pamiela) 2012ko IBBYren Ohorezko Zerrendan izango dira. Lehena, idazleen alorrean, eta bigarrena, itzultzaileenean.
Haur eta gazte literaturaren alorreko ohorezko izendapenak dira hauek. Meaberen liburua haurren-tzat da. Honela laburbildu daiteke: ume bat dago gaixorik ospitalean eta marrazki eta poemen bidez erantzungo die une ilun horretako galderei. Leihoaz bestaldean, berriz, magnolia bat dago, beste norabait bidaiatzeko txalupak diruditen lorez beterik.
Lehen ere saria franko irabazitakoa da Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962): 2007an, Euskadi saria, 'Urtebete itsasargian'-i esker. 2002an ere Euskadi saria, 'Itsaslabarreko etxea' zela eta. Eta 2000. urtean Kritika saria, 'Azalaren kodea' olerki-liburuagatik.
Ainhoa Irazustabarrenak itzulitako 'Zein polita den Pana-ma!'-n, berriz, protagonistak hartz txiki bat eta tigre txiki bat dira. Halako batean, errekan egurrezko kaxa bat ikusten dute, Panamatik datorrena eta platano-usaina daukana. Ametsezko lurralde bihurtuko zaie Panama, eta ez dute hara joan arteko onik izango. Adiskidetasunari buruzko obra bat da, azken batean. Horst Ecker (Polonia, 1931) aspaldi idatzi zuen obra hau, 1979an, eta eta laster mundu mailako sona eman zion.
Ainhoa Irazustabarrena Barriola Hernanin jaio zen, 1975ean. Zuzenbidean lizentziaduna da eta itzultzaile egiten du lan Nafarroako Parlamentuan.
Estatuko hizkuntzak
Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkarteak proposatutako lanen artean bi aukeratuak izan dira, beraz, haur eta gazte Literaturako erakundea den IBBYk (International Board in books for young People) bi urtean behin osa-tzen duen Ohorezko Zerrendarako. Izan ere, OEPLI (Organización Española para el Libro Infantil) erakundeak du zerrenda horretarako Espainiako Estatutik hautagaiak aurkezteko ardura. Estatuan hizkuntza ofizial bat baino gehiago daudenez, IBBYk OEPLIri Zerrendako idazle eta itzultzaileen sailean launa lan aurkezteko eskubidea ematen dio. Ilustratzaileen alorrean berriz, lan bakarra proposa dezake OEPLIk.
Hauek izan dira OEPLIk 2012ko IBBYren Ohorezko Zerrendarako proposatu dituen lanak: idazleen alorrean, 'Historia de un segundo', Jordi Sierra i Fabra. SM arg., 2010; 'L'enigma Altai', Miquel Rayó, Edebé arg., 2010; 'Chamádeme Simbad', Francisco Castro, Galaxia arg.; eta 'Mila magnolia lore', Miren Agur Meabe, Mensajero arg., 2010.
Ilustratzaileen alorrean, berriz, hau izan da hautatua: 'Kembo, incidente en la pista del circo Medrano', Miguel Calatayudek ilustratua, Kalandraka arg. , 2010. Eta itzultzaileen alorrean, berriz: 'Tiempo de milagros', Ana Mª Navarretek itzulia, Edelvives arg., 2010; 'Huckelberry Finn', Jordi Vila i Tubauk itzulia, La Galera arg., 2010; 'Kafka e a boneca viaxeira', Carmen Torresek itzulia; 'Zein polita den Panama!', Ainhoa Irazustabarrenak itzulia. Kalandraka-Pamiela arg. 2010.
Lehenengo aldiz, 1990an sartu zen euskal liburu bat IBBYren Ohorezko Zerrendan. Anjel Lertxundiren 'Tristeak kontsolatzeko makina', hain zuzen ere. Eta, ondoren, 1992an, Mariasun Landaren 'Iholdi' izan zen ohoratua sorkuntza lanen alorrean; itzultzaileen sailean, berriz, Manu López, 'Aliceren abenturak lurralde miresgarrian'-en egindako lanagatik.