2007an, Euskararen Erabilera normalizatzeko Legeak 25 urte betetzen zituela eta, gaiaren inguruan eratu zituen Jagon Jardunaldiak Euskaltzaindiak. Hezkuntza alorreko bilakerari buruzko txostena Mikel Zalbide euskaltzain osoari eskatu zioten, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Euskara Zerbitzuaren buruak, hiru urteren buruan, liburu mardul bilakatu du txosten hura.
Luze, zabal eta sakon aztertu du hezkuntza alorrean euskarak egin duen bidea, baita alor horrexek, normalizazioaren ikuspegitik, euskarari egin dion ekarpena ere. «Beste interes batzuk, beste sinpatia eta beste antipatia batzuk aurrean direla egindako baieztapenek merezi dute merezi duten atentzioa. Nik nahiago izan dut perspektiba profesional batetik konfirmatu litezkeen datuak erabiltzera mugatu» azaldu zuen nagusiki balioespen edo ebaluazio tekniko zorrotza den lana aurkeztean.
Eskola, azken babeslekua
Oinarri-oinarrian, euskararen berreskurapenan eskolak duen erabateko garrantzia: «Ahuldutako hizkuntza batek duen berezko ezaugarrietako bat da kosta egiten zaiola hizkuntza hori hurrengo belaunaldiari osorik eta txukun transmititzea. Hiztun herri bat bere gurasoengandik jaso duen ondarea, ezagutza, eta ezagutza horrek biltzen dituen sinesmen, uste, balio eta gogoak hurrengo belaunaldiari transmititzeko ezintasunean edo eragozpenez ibiltzea jenerala da hiztun herri txikietan, gurean ere bai. Jakina, hizkuntza bat egoera naturalean dagoenean hori familiak egiten du, kaleak, auzoak, laguntxoek. Baina hizkuntza batek kalea galtzen duenean, etxera retraitzen den neurrian, eta etxean bertan ere telebista-eta edo euskal-erdal ezkontzak direla medio erdara nagusitzen baldin bada, gelditzen zaion azken babesleku modukoa eskola da. Horregatik da hain nabarmena, belaunez belauneko transmisio gaitasun hori gune naturaletan emateko gaitasuna galdu denean, oso ahuldurik dauden hiztun herrietan hizkuntzaren salbamen iturria eskolan bilatu nahi izatea».
Ardura hori sekulako gainkarga da eskolarentzat. «Errepikatzea kostatuko den belaunaldi profesional on baten aurrean gaude. Azken hamarkadetan euskarazko irakaskuntzan jardun duen kolektiboa oso landua eta ilusio handikoa izan da. Bere eginkizun hutsak izan zitezkeen horiez gain, euskarari gerora bidea eskaintzeko aparteko esfortzua egin du. Zoritxarrez, askotan zabaltzen den mezu negatiboak ez digu uzten hori ikusten, eta nik beti gogoz nabarmentzen dut».
Euskal Herrian egin den esfortzua «kate historiko oso luze baten barruan txertatzen» bada ere, gurean hautu jakin eta zehatz batzuk egin dira azken hamarkadetan; bere garaian hizkuntza ereduen alde egin zena, esate baterako. Zer ekarri du hautu hura eta ez beste bat egin izanak? «Erantzuna argia da -dio Zalbidek-; D eredukoek oro har estatistikoki euskaraz errazago egiten dute B eredukoek baino, eta B ereduek oro har estatistikoki errazago egiten dute A eredukoek baino. Hor badago faktore objektibo bat. Haur batek esna pasatzen dituen orduen %16 pasatzen ditu euskara entzunaz gelan D ereduan baldin badago; %9 B ereduan baldin badago eta %3 bakarrik A ereduan badago. Beraz, euskararen presentzia, besterik ez bada ere, handiagoa garantizatzen dio D ereduak. Gertatzen dena da konparazio horiek ahulak direla. Izan ere, gauza bat da non bukatu dugun begiratzea, eta beste bat nondik abiatzen garen kontuan izatea. Etxetik euskaldun diren haur gehien-gehienak D ereduan daude. Beraz, D ereduak plusik emango ez balu ere azkenean haur horiek euskaraz gehiago jakingo lukete. Kontuz ibili behar da horrelako gradazio mekanikoak egitearekin. Ez dago dudarik ereduetan euskararen presentzia zenbat eta handiagoa izan lagundu egiten duela euskararen gaitasun hobea lortu ahal izateko, baina hori ez da faktore bakarra».
Besteak guri begira
Ereduen sistemak «bere mugekin, birtualitate nabarmenak erakutsi ditu, eta balorazio objektibo batek argiak eta ilunak erakutsi behar ditu. Iluntzat eman daiteke ikasle guztiek ez jakitea euskara, edo ez jakitea behar bezain ondo, besteak beste legeak esaten duelako euskaraz eta gaztelaniaz, bietara, ondo jakin behar dutela. Baina denak ilunak ez dira, eman diren pausoetan argitasun asko daude, eta hori inon bete bada proportzio zabalean hezkuntzan bete da. Baliabideak behar ziren, eta baliabideak jarri dira, batez ere B eta bereziki D ereduak aurrera atera ahal izateko. Orain dela 30-35 urte ez ziren %5era ere iristen euskaraz zekiten irakasleak; orain %80 pasatxo dira. Hori benetako aldaketa da, eta hori ere jarri behar da mahai gainean».
Oro har, nota ona jarriko liote Zalbide ebaluatzaile zorrotzak eskolari, euskarari egin dion ekarpenari dagokionez: «Gutxienez bi elementu ditugu horri erantzuteko. Bat, har ditzagun gure inguruko hiztun herri ahulduak eta ikus dezagun haiek baino okerrago egin dugun, haien parean gabiltzan edo haien aurretik ote gauden. Erantzuna nabarmena da: azken urteetan haietako gehienen aurretik ibili gara, eta haiek dira guri begira daudenak, esanaz 'alajainkoa, hau dena 25 urtean egin al dute?'. Eta hori ez da iritzi pertsonala; salbuespen bakarren bat kenduta, leku gehienetan baino gehiago egin dugu. Bigarren elementu bat ere badago: beste edozein alor hartzen badugu, adibidez hedabideak, ikusiko dugu beste inon ez dela egin hezkuntza alorrean egin den ahalegina».
Etorkizunera begira, ordea, ez da komeni atseginean murgilduta lokartzea, erronka berriak hor baitaude, zain. Besteak beste, benetan elebiduna izango den gizartea lortzea. «Horri ezinbestean egin behar zaio ñabardura bat: elebitasuna ez da gizartearen atributua, elebitasuna norbanakoaren atributua da. Pertsonak dira elebidun, ez gizarteak. Falta zaiguna da finkatzea etorkizuneko 20-30 urteetan zer leku opa diogun euskarari eta zein erdarari gure gizarte bizitzan, ez norbanakoon atributu gisara. Horixe falta zaigu».