Xabier Euzkitzeren zuzendaritzapean, otsailaren 24an eta 25ean, Euskal Identitatearen inguruko Jardunaldiak egingo dira Azkoitiko Elkargunean. Atzo aurkezpena egin zuten Asier Aranbarrik, alkateak, eta Euzkitzek berak. Jardunaldiak irekiak dira eta interesa duen oro gonbidatuta dago.
Euzkitzek Euskal nortasunaren gaia mamitsua, interesgarria eta gaurkoa bezala deskribatu zuen, hurrengo hauteskundeetan sakonduko dena adieraziz, eta Azkoitian lehenago aztertuko dena.
Nahiz eta orokorrean politikoek jorratzen duten gaia izan; jende gehiago ere badagoela Euskal Identitatea beste era ezberdinetan bizi dutenak adierazi zuen Euzkitzek eta «guztiok elkargune bat behar dugula hausnarketarako». Jardunaldietan, Euskal nortasuna ikuspegi bat baino gehiagotik begiratuz, politika ez saihestu baina limitatuz, ikuspegi antropologiko batetik begiratuz, esparru, adina... ezberdinetatik. Lehenengo hitzaldia ardatz moduan planteatu du Euzkitzek. Jon Sarasuak 'Ideia ba-tzuk euskaltasunaren norabideaz' hitzaldia eskainiko du. «Bertsolaria eta kazetaria -dio Euzkitzek-, Euskal Herrian dugun pentsalari interesgarrienetariko bat da eta seguru gustura entzuteko ideiak izango dira bereak».
Bigarren hizlariak, Iñaki Egañak, euskal nortasunak historian zehar izan dituen modu ezberdinak jorratuko ditu.
Hirugarren hitzaldia Tere Irastortzak emango du. Euskal filologian lizentziaduna, «emakume ausarta, kementsua da», Jardunaldien zuzendariaren hitzetan. 'Denaz eta senaz' du izenburua bere hitzaldiak eta ikusiko dugu zer den «dena» eta zer esan nahi duen «senak». Hizkuntzaren eta emakumearen ikuspegitik jorratuko du gaia.
Terexa Lekunberrik emango du Jardunaldietako laugarren hitzaldia. Euskal Kultur Erakundearen Ondarea zerbitzuaren arduraduna da. Euskal nortasuna iparraldetik nola ikusten den kontatuko digu. «ondo-ondoan bizi gara baina fisikoak ez diren hainbeste muga ditugu, kulturalak, ohiturak, politikoak... Euskal ofizialtasuna ez den lurraldean; nola bizi duten euskaltasuna egunerokotasunean?».
Hilaren 25ean, bigarren egunean, Andoni Olariagak, filosofian lizen-tziadunak, parte hartuko du. «Prentsan, blogean, e.a. jarraitu baduzue, idatzi desberdin bat, ikuspegi bitxi bat, ikusiko zenuten. 'Euskal Herri imaginarioaz' idatzi zuen eta antzeko izenburua jarri dio hitzaldiari: 'Euskal Herri imajinarioaren eraikuntza'.
Olariagaren atzetik, Joseba Etxarriren txanda izango da. Euskal diaspora ondoen ezagutzen duen pertsona da, Euzkitzeren ustez. 'Euskaldunen Amerika' idatzi zuen eta urteetan egin zuen Radio Euskadin 'Euskaldunak Ameriketan' irratsaioa. «Berak kontatuko digu nola bizi duen euskaltasuna 12.000 kilometrora bizi denak».
Jardunaldiak amaitzeko, mahai-ingurua egingo da. Parte hartuko dute Patxi Baztarrikak eta Ramon Etxezarretak, Hizkuntza Politikarako sailburuorde ohiak biak, eta Joxerra Gartzia, idazle eta kazetariak. «Euskal identitatea. bakarra ote?», galdera horri erantzuten saiatuko dira Txillardegik eta Martin Ugaldek elkarri idatzitako gutun sorta batean esaten dituztenak abiapuntutzat hartuz.
Jardunaldiak irekiak dira eta edonork har dezake parte. Izena emateko 943 85 71 76 edo idatzi harremanak@azkoitikoudala.com