Alkizako Donjuanena etxea herrikoentzako erabilera ani-tzeko eraikina izateko egokituko du Udalak. Datozen hamar hilabeteetan, Udaletxe ondoko eraikina guztiz hustu eta eraberrituko da, Landagipuzkoa32 eta Ereinen dirulaguntzarekin.
Donjuanena eraikina, 1.826. urtean eraikia, Udalaren jabetzakoa da eta irakasle etxe izatea utzi zuenetik bere egoera gero eta okerragoa zen. Orain, etxea barrutik guztiz hustuko da eta solairuak berriro berregingo dira erabilera eta aro berriei egokituak.
Etxe berriak lau solairu izango ditu eta kanpoko aldaketa nabarmenena sarrera izango da: atea errepide ondoan eduki beharrean, Udaletxe ondoko aldetik sartuko da. Honela, ezinduentzako sarrera egokitua ere ahalbidetuko da, bertara sartzeko aldapa bat izango baita. Bigarren aldaketa garrantzitsua igogailua izango da, ezinduei etxe guztirako sarrera ahalbidetuko diena. Era berean, etorkizunean Udaletxeko eraikinarekin lotura izateko prest egongo da igogailua. Teilatua ere guztiz berrituko da. Azken egunetan teilatu zaharra kendu dute eta datozenetan berria eraikiko dute.
Eraikinaren barrualdean lau solairu izango dira orain arteko moduan. Azken bi solairuak, bigarrena eta ganbara, etxebizitza publikoak izango dira eta Udaletxean dagoenari gehituko zaizkio. Honela, herriko familiaren batek beharra izanez gero, edozein arazo dela eta, bertan bizi ahal izango dira egoera konpondu arte.
Lehenengo solairuan gizarte langilearen bulegoa kokatuko da baita sukalde-jangela txiki bat, herriko elkarteek ekintza ezberdinak antolatzeko erabili ahal izango dutena. Atzealdean, berriz, erabilera anitzeko gela bat egongo da. Kultur etxean bat badagoen arren, honek ekipamendu berritua eta ezinduentzako sarrera izango ditu, ekintzetako parte hartzea zabaltzea ahalbidetuko duena.
Beheko solairuan medikuaren harrera gela egongo da. Orain dela urte batzuetatik hona ez da mediku zerbitzurik Alkizan, baina Udalak gela bat prestatuko du etorkizunerako. Lanak amaitu ondoren, gutxieneko mediku zerbitzua izatea eskatzeko tramiteak hasteko ideia du Udalak. Gela honen ondoan, haurrentzako gimnasia eta kirol praktikarako gela prestatuko da, orain arte Kultur Etxean egon dena. Ikastolako ikasleez aparte, herriko kirol taldeek ere erabili ahal izango dute gela hau, dutxekin hornitua egongo dena.
Lan hauek Eibarko Goitu enpresa ari da aurrera eramaten. Horretarako 670.485,40 euroko aurrekontua du. Horietatik, Udalak 89.264,03 euro ordainduko ditu eta gainontzekoa Landagipuzkoa 32ren dirulaguntzarekin, 425.000 euro, eta Ereinen dirulaguntzarekin, 185.071,92 euro, ordainduko da.