Atez ateko bilketa martxan jarri zenetik bost hilabete pasatu diren honetan, Oiartzungo Udalak baditu lehenengo datu ofizialak eskura: hilabete hauetan, milioi bat kilo hondakin gutxiago bidali du Oiartzunek zabortegira. Udala harro eta pozik dago datuak ezin hobeak direlako. Datu horiek halakoak izan badira, argi dago herritarrei esker izan dela: oiartzuarrek badute harro egoteko motiborik eta zorionak luzatzen dizkiete Udaletik.
Atez ateko bilketari esker, %30 birziklatzetik %82 birziklatzera pasatu da Oiartzun. Azpimarratzekoa da hilero 200.000 kilo hondakin gutxiago bidaltzen dituela Oiartzungo herriak orain zabortegira (1.134.620 kilo gutxiago maiatzaren 23tik hona). Bost hilabete hauetan, 150.000 euro aurreztu ditu errefusaren tratamenduan zabortegira bidalitako hondakin tona kopurua jaitsita.
Kalitate oso oneko material birziklagarria
Gainera, azpimarratzekoa da biltzen den material birziklagarria oso kalitate onekoa dela. Oiartzungo materia organikoaren karakterizazioa Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren (GHK) Azpeitiko Lapatx plantan egin zuen ekainean enpresa independente batek. Emaitza, bikaina: "Oiartzungo materia organikoak %99,6ko purutasuna du. Orduz geroztik, Udal honek ez du bestelako emaitzarik jaso ofizialki" jakinarizi du alkatetzak.
Ontzi arinen kasuan, orain arte kontrol bat egin zaio Oiartzungo materialari: bildu den materia inpropioa (hondakin atal horri ez dagokiona) %6koa baino ez da. Atez ateko bilketa hasi aurretik, %16koa zen kopuru hori. Gainera, maiatzetik hona hilero lehen baino 10.000 kilo ontzi arin gehiago biltzen dira Oiartzunen. Dagoeneko, 48.000 kilo gehiago jaso dira.
Papera eta kartoiaren kasuan, hilero lehen baino 4.000 kilo hondakin gehiago biltzen da Oiartzunen. Bost hilabetean, iaz baino 19.537 kilo gehiago jaso dira.
Oiartzungo Garbiguneko datuak ere ikusgarriak dira. Maiatzetik hona etxeko noizbehinkako hondakin berezien 94.869 kilo material bildu da, gero material bakoitza dagokion birziklatzeko arduradunari helaraziz. Egurrak, altzariak, etxetresna elektroniko eta elektrikoak, txatarra. biltzen da Talaiako Garbigunean. Txiki gelditu denez, Garbigunea egokitzeko lanetan ari da Udala, eta laster bukatuko dira hobekuntzak.
Datu hauek guztiak duela gutxi arte San Markoseko Mankomunitateko webgunean zeuden ikusgai. EAJ, H1! eta PSEk lehendakaritza hartu dutenetik, baina, atez ateko bilketaren inguruko datu guztiak kentzen ari dira, esistituko ez balirateke bezala.
Autokonposta, 600 etxetan
Horrez guztiaz gain, nabarmentzekoa da geroz eta oiartzuar gehiagok kudeatzen dituztela euren hondar organikoak etxean, autokonposta bidez. Gaur egun, 592 etxetan autokonpostatzen dira gure herrian. Honi esker, hondakin kopuru handi bat ez da jasotzen Oiartzunen. Hala ere, egunero biztanleko 300 gramo materia organiko biltzen da gure herrian.
Atez ateko teknikariek oraindik ere autokonposta egiten hasi nahi duten herritarrei ikastaroak ematen dizkiete. Inork konposta egiten hasi nahiko balu, oraindik ere garaiz dabil. Atez ateko Informazio bulegora jotzea besterik ez du, bertan emango baitiote beharrezko informazio eta materiala (Doneztebe plazan, 900 49 11 11 telefonoan edo atezate@oiartzun.org helbide elektronikoan).