Herriko era guztietako denda eta tabernetan euskararen erabilera gehitzea eta modu horretara bezeroari egiten zaion arreta hobetzea. Hauek dira Udalak, Salkin elkartearekin batera, elkarlanean burutzen ari den proiektuaren helburuak. Proiektua ez da berria. Aurreko urteetan ere lan asko egin zen, eta bide horri jarraipena ematen diote Udalak eta Salkin elkarteak.
Aurten, geratzen diren hilabeteetan, herriko 26 establezimendutan euskararen erabileraren diagnostikoa egingo dute. Lan hau egiteko hainbat datuk kontuan edukiko dituzte, hau da, seinaleak, kartel edo errotuluetan ageri den informazioa, inprimaki edo kata- logoak, eskaintza, sustapena eta publizitatea, arreta bezeroari eta komunikazio edo jakinarazpenak.
Diagnostiko hau egitea doako zerbitzua izango da eta Salkineko bazkide guztiei eta edozein merkatari establezimenduri irekita dago. Ikerketa egin ondoren, euskararen erabilera bultzatzeko bakoitzarentzako plan bat ere egingo diete hala nahi duten merkatariei.
Abantailak eta dirulaguntzak
Pograma honetan parte hartzeak abantailak izango ditu merkatariarentzat. Nagusiena, establezimenduek eskaintzen duten zerbitzuaren kalitatea hobetzea izango da. Andoaingo herritarren gehiengoak badakienez euskaraz, zerbitzua ahal den heinean bi hizkuntzetan eskaintzen bada, honek balio erantsi bat suposatuko du establezimenduarentzat. Diagnostikoa egiteko eta hala nahi duenari bere neurriko plana egiteko zerbitzu bat kontratatu du Udalak, hau da, Ahize Hizkuntza Aholkularitza zerbitzua. Bere ordezkari Iban Balerdi da eta bera izango da merkataritzako establezimenduekin kontaktuan jarriko dena.
Bestalde, Udalak gogorarazi nai du dirulaguntzak ematen dituela, bai errotuloak jartzeko, bai irudi korportariboa daraman dokumentazioan eta materialetan euskara erabiltzeko, eta web guneetan euskara erabiltzeko. Horretaz gain, itzulpen laburrak egiteko zerbitsua ere doan eskaintzen die Udalak merkatariei. Horretarako, nahikoa dute Udal Euskara Zerbitzuarekin(euskarazerbitzua@andoain.org. Telefonoa: 943 300 830) edo Ahizerekin (iban-b@aek.org. Telefonoa: 943 591 704) harremanetan jartzea.
Pixka bat gehixeago
Merkataritzan Euskararen Erabilera Sustatzeko Planaren aurkezpena atzo egin zen udaletxean. Bertan, Euskara zinegotzia Petri Romerok, Salkin lehendakaria den Alazne Enatarriagak eta Ahizeko ordezkaria Iban Balerdik hartu zuten parte.
Romerok adierazi zuen "Denok egin dezakegu pixka bat gehixeago euskaraz. Horrek ez dio inori kalterik egiten. Horrekin denon irabazten dugu. Hemengo bi hizkuntzak erabilita, hemengo herritar guztiei arreta hobea eskainiko diete merkatariek". Euskara zinegotziak azaldu zuenaren arabera, "Bezeroek, kontsumitzaileek, hizkuntza eskubideak dituzte. Horrexegatik, guk ahalegindu nahi dugu merkataritzako informazioa euskaraz eta gaztelaniaz jasotzeko duten eskubidea bermatzen".