Erretiroa amets

Jubilatzeko irrika ez duena susmagarria da kasurik hoberenean

ARANTZA URRETABIZKAIA

Pertsona baten bizitzaren adin guztietarako ditugu ohituraren poderioz lege bihurtu diren arauak, ohiturak, klixeak. Haurrak zoriontsuak dira, gazteak ilusioz eta ausardiaz beteak, helduek gaztaroaren minez bizi dira eta zahartzaroaren beldurrez, zaharrak oroitzapenez blai bizi dira, irautea lortzen duten bitartean.

Zerrenda askoz luzeagoa da, baina har bedi goian esandakoa adibide gisa. Hori guztia lege da askorentzat eta agindua betetzen saiatzen gara gehienok. Hala gertatzen ez bada, gutako bakoitzak erabakitzen du duen adinari ez dagokiona bizi badu, bizipen hori azaleratu ala ez. Demagun gaztea zarela eta etsipena ilusioari nagusitzen zaiola. Edo helduaroan ilusioz blai bizi zarela. Kasu horietan, gomendio bat: pentsatu ondo salbuespen zarela adierazi ala ez, artaldetik kanpo hotz egiten baitu.

Edo, aurreko zerrendan aipatu ez bada ere, demagun adinaren arabera erretiroa hurbil duzula eta ez duzula erretiratu nahi. Bada kasu horretan ataka gaiztoan zaude. Berdin zaio jubilatu ondoren tokatuko zaizun soldatarekin dituzun konpromisoak betetzeko adina izango ez duzulako, egiten duzun lana gustuko duzulako edo ez zaizulako bururatzen nola gorpuztu eguna lanik gabe.

Gauza da adina izanik jubilatu nahi ez duenak nekez azalduko duela hori goraki, nahi horrek klixeari kontra egiten diolako. Jubilatzeko irrika ez duena susmagarria da kasurik hoberenean eta txarrenean, eskirol hutsa, gehiengoaren ametsa oztopatzen duen traidorea. Arrazoi bera dela medio, nekez entzungo diozu erretiratu bati daraman bizitza berriari buruzko iritzi kritikorik.

Gure artean erretiro data orokorra hirurogeita bost urtetan dago kokatua, salbuespenak salbuespen. Egiazko bataz bestekoa, berriz, hirurogeita hiru urtetan dago. Egunotan iragarri digu gobernuak jubilatze data luzatu nahi duela, bi urtetan eta derrigorrez.

Ohi duen bezala, gobernuak aldatu egin du kontu honi buruzko iritzia, duela gutxi luzapen hori borondatezkoa izango zela iragarri baitzuen. Are gehiago, esan zigun borondatea bide zuzenean bultzatzeko asmoz, hirurogeita bost urte bete ondoren lanean jarraitzen zuenari zegokion dirua gehitu egingo ziola urtez urte, ehuneko zenbaki txiki batetan.

Borondatezko bidea oztopatua dago, guztiz, ordezkatze kontratuak baztertu egin baitira azken boladan. Nonbait, gobernua ere jabetu da erretiratzeko ametsaren orokortasunaz.

Eta zuzendutakoa zuzenduko balu?

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos