ordizia. Giro paregabea izan zen atzo goizean Ordizian. Goierriko herria merkatu erraldoi bilakatu zen, urtero bezala; eta eguzkiak eta musikariek lagunduta, zaila zen festatik kanpo geratzea. Goizean goizetik jendez gainezka izan ziren Urdaneta plaza, Garagarza plaza eta beste txokoak.
Esan bezala, herria azoka bilakatu zen, eta merkatuak beti izan dira istorio askoren lekuko. Izan ere, herritik ibilaldia egiten zuen edonork denetarik ikus zezakeen:salgai zeuden traktore dotoreetan igota jolasten ari ziren umeak, algaraka eta errima bitxiez bere produktuak saltzen ari ziren saltzaileak, berak egindako kafe likorea saltzen zuen gizona, edota beren abereak erakusten zituzten baserritarrak.
Istorio batzuk arruntagoak izan ohi dira, baina beste batzuk, kontatzeko modukoak. Mota hauetakoak dira gure ondorengo protagonistenak:gazta egiteko bere erizain lana utzi zuen emakumea, eztiak edozein gaitz sendatzen dituela esaten duen erlezaina, eta Kataluniatik Ordizira hurbildu zen koadrilarena.
Arantxa Garaiburu Gazta saltzaile
«Nire bizimodua guztiz aldatu zuen gaztak»
Urdaneta plazan, gazta saltzen duten beste askoren artean dago &lsquoQuesos Larte&rsquo deituriko postua. Bertan, Arantxa Garaiburu dabil, bere irribarre handienarekin, eta ama Maria Luisaren laguntzaz, erosleak atenditzen. Berastegiko neska honen aita-amaren etxean beti izan dira ardiak, txikitatik. «Aitak ardiak zaintzen zituen eta amak gazta egiten zuen». Hala ere, bere biziak ez zeraman bide berbera, «erizain ikasketak egin eta lanean hasi nintzen, bizi arrunta neukan».
Orain dela 8 bat urte, bere bizi-tza errotik aldatu zen. Osaba gaixotu egin zen, eta Arantxaren senarra artzain hasi zen. Lau urteren ostean, berak bere bizitzako erabaki garrantzitsuenetako bat hartu zuen: lana utzi eta bere senarrarekin batera, gazta egiten hasi zen. «Animatu egin nintzen». Ardi gehiago erosi eta martxan jarri ziren.
Gazta aukeratzeko apustua ez zaio momentuz gaizki atera, dirudienez. «Lehenengo produkzio urtean, Munduko Gazta Txapelketan parte hartzea erabaki genuen, eta bron-tzezko domina eman ziguten». Hori gutxi balitz, 2009an berriro hartu zuten parte txapelketa berean, Gran Canarian, eta 2.000 gaztaren aurka lehiatu ostean, sarituak izan ziren berriz. «Urre, zilar eta brontzezko dominak eman zizkiguten».Lau kategoriatan parte hartzea daukate Arantxaren gaztek, eta aurten ere saiatuko da berastegiarra, «Edinburgon da 2010eko edizioa, eta gure gaztak han izango dira».
Bere postuan «gazta ketua, xuabegoa eta fuerteagoa» saltzen ditu. Baina ez hori bakarrik. «Gazta zaharra edota menbrilloa ere eskain-tzen ditugu».
Bere bizia guztiz aldatu da azken urteetan, gazta dela eta. Lehen, ospitalea bazen bere &lsquobigarren etxea&rsquo, orain merkatu, feria eta postuak dira. «Batetik bestera ibiltzen naiz. Beharrezkoa da mugitzea negozio honetan».
Federico Villafranca Erlezaina
«Nire eztiak edozein gaitz sendatu dezake»
Santa Maria kaleak Goitia kalearekin topo egiten duen izkina horretan bertan, deigarri gertatzen den postu bat dago. Bertan, beirazko ezti poteak ikusi daitezke, eta horietako bakoitzaren ondoan, paperean inprimatuta, hainbat propietate eta ezti bakoitzaren erabilkortasuna. Postuko saltzaile Federico Villafranca nafarra dugu, Ana María bere emaztearekin batera.
Bere negozioa «erleak dira. Guk erlauntzak ditugu hainbat lekutan, Nafarroan, Bizkaian edota Aragoien. Ateratzen dugun eztiari hainbat loreren propietatea gehitzen diogu, eta horrela, produktu natural sendatzailea lortzen dugu. Pentsa, nektarrak potentzia handia dauka berez, eta landarearen propietateak hamar bider indartsuagoak egiten ditu».
Eztia egiteko metodoa ez da gauza sinplea, «lehenengo 45 eguneko beratzea egiten da, gero produktua iragazten da, eta azkenik eztia poteratzen dugu». Federicok eztia sendagai natural bezala saltzen du, ez elikagai modura. Izan ere, «jendea gero eta kontzientziatuagoa dago produktu naturalekin, eta gero eta gehiago saltzen dira. Nire eztiak askotan zapore indartsuegia dauka, baina esfortzuak merezi du, berehala sendatzen zaituelako. Nire emazteak, lan egin ostean, eztarrian mina izaten du askotan, baina ezti pixka bat hartu eta berehala dago primeran».
Ezti mota ugari saltzen du:energetikoa den lore anitzeko eztitik, eztarrirako sendagai den eukalipto-ezti edota erreuma eta bihotzari laguntzen dion txilar-eztira. «Ezti ugari dago, baina ezti ona, gutxi».
Gainera, propolioa ere saltzen du Federicok, antibiotiko naturala. «Sinestezina da propolioaren indarra, edozein infekzio sendatzen du. Gainera, antibiotikoak defentsak ahultzen dituen bitartean, propolioak defentsak indartu egiten ditu... imajina, egiptoarrek gorpuak baltsamatzeko erabiltzen zituzten».
Kataluniako turistak
«Herritarren inplikazioak harritu gaitu gehien»
Magda Maltas eta Josep Comas senar-emazteek 14 urte daramate Donostian uda pasatzen, nahiz eta jatorriz kataluniarrak izan, Pineda del Mar-ekoak. Egin dizkieten gomendioak jarraituz, Ordiziako merkatura etorri dira aurten lehenengoz, eta hemen topatu dituzte beste lau herrikide: Palafrugell (Girona) herriko Lluis Lozano, Pere Arcan, Lluis Coll eta Jordi García. Hauek Lazkaon daude oporretan, landaturismo batean, eta 20 urte inguru etorri dira Euskadira oporretara.
Sei kataluniar hauek liluratuta dabiltza ikusten ari direnarekin. «Atentzioa gehien eman didana umeak dira», dio Margak, «era tradizionalean jantzita daude gehienak, asko inplikatzen dira herritarrak festarekin». Perek ere, animalien presentzia azpimarratzen du «abereak gertutik ikusi daitezke». Euskal produktuak ere dastatu dituzte, «hemen gauza ederrak egiten dira», Josepen ustez.
Asko harritu dira ere hizkun-za kontuekin: «Urtetik urtera euskara gehiago entzuten dugu, ezbairik gabe... orain dela urte batzuk gaztelania bakarrik entzuten zen Euskadin».





