Gure lurretik Goierri dastatuz' dio Kixkurgune nekazal denaren lelo batek. Azpian, euskal txerriaren hainbat produktu, txakolina, ardi edo ahuntz gazta, eta beste hainbat produktu ikusi daitezke. Ondoan, mermeladak, barazki ezberdinak eta beste hainbat jaki eta edari kokatu dituzte Goizane elkarteko kideek. Denak bertako produktuak bertatik saltzeko. Hau da denda honen helburuetako bat eta kalitatea ziurtatu dagoela garbi dute ekoizleek eta hori eskaintzeko lan ugari egiten dute, merkatua eta egoera ekonomikoa ez baitago txatxetan ibiltzeko.
Kixkurgune nekazal denda Goizane eraikinean barruan dago eta atzo euren ateak zabaldu zituzten ofizialki. Bertan, Goerri aldeko baserritarrez gain, hainbat agintari, Zaldibiako udal ordezkaria, Juan Ramon Nazabal, Markel Olano aldun nagusia, Rafa Uribarren, Landa Ingurunearen Garapenerako diputatua, Eusko Jaurlaritzako Daniel Solana eta Goimeneko lehendakaria den Anarro Imaz eta elkarteko arduraduna den Jose Manuel Zubizarreta izan ziren. Eraikun-tzako denda eta gainontzeko guneak ere bisitatu zituzten.
Bertan, Kixkurgune, Goierriko kooperatibako dendaz gain, Gipuzkoako erlezain elkarteak eta Txerrizaleok elkarteak euren bulegoak kokatu dituzte eta Erro Kooperatiba elkarteak, ikerkuntzarako laborategiak eta Delifunart enpresak ere zabaldu dituzte. Euskaber enpresa proiektu honen barruan eramango da aurrera.
Goizane proiektua, Zaldibiko udal burua den Nazabalek esan zuenez duela lau urte sortu zen. Ordutik lan handia egin behar izan dute aurrera eraman ahal izateko eta eginbehar horietan, buru belarri ibili den Jose Manuel Zubizarreta izan da. Goimeneko arduradunak azaldu zuenez, Goizane kokatzen den lekua «nekazaritzarako berreskuratu dugu. Bestalde, ikusten genuen nekazarientzat azpiegituren aldetik hutsune bat zegoela inguruan eta uste dugu, beteta gelditzen dela». Bestalde, Zubizarretak azpimarratu nahi izan zuen elkarlana bultzatzeko beharra. Proiektu hau bera auzolan eta elkarlanen fruitua da».
Goimeneko arduradunak esan zuenez euren proiektua gauzatzeko ezinbestekoa da «instituzioen laguntza ekonomikoki» baina benetan «behar duguna, gizartearen onespena da, produktuak erosteko garaian». Gaur egun, Goierriko baserritarren kooperatiba arlo ezberdinetako 100 bat bazkidek osatzen dute. Horien artean badira, nekazariak, abelzainak, artzainak, gozogitzan aritzen direnak...
Salmenta zuzena
Ildo horretatik hitz egin zuen, Markel Olano, aldun nagusiak ere. Olanok salmenta zuzena eta hiritarren aldetik kontzientziatzioa ezinbestekoak direla esan zuen Goiena bezalako proiektu bat aurrera eramatekoan. «Gurea lurralde industriala da, baina ezin dugu ahaztu lehen sektoreak duen garrantzia. Horregatik, Aldundiatik hau babesten saiatu gara eta horretan lanean ari gara». Baina aldun nagusiaren esanetan, hau babestea ez da nahikoa «indartu egin behar dugu. Horretarako ezinbestekoak eta garrantzitsuak dira azpiegiturak , baina baita ere, promozio onak eta denon inplikazioa. Hiritarren aldetik Goizane bezalako proiektuak aurrera eramateko herritarren aldetik kon-tzientziazioa». Honekin lotuta Markel Olanok esan zuen «bertako produktuen aldeko apustua egin behar dugu denok, eta hauen kontsumoa eta salmenta zuzena bultzatuz».
Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Daniel Solanak, bere aldetik euskal nekazal eta abelzain munduan aritzen diren lana azpimarratu zuen eta esan zuenez «formakuntza ezinbestekoa dela bizi dugun munduan eta egoera ekonomikoan». Gero, «merkatu berriak bilatu eta zabaldu egin behar dugu salmentu guneen ikuspuntua. Interneten bidez saltzeko aukera ere, gogoan izan behar da».