Jabi Elizasu, Udaleko Euskara zinegotzia, Garazi Portugal, «Euskara Merkataritzara» egitasmoko suspertzailea eta Irati Etxebeste, Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneko kideak, asteartean Udaletxeko Areto Nagusian eskaini zuten agerraldian publizitatea eta euskarari buruz mintzatu ziren eta Oiartzungo etxeetako buzoietan jasotako publizitatearen jarraipenaren (2009) ondorioak plazaratu zituzten.
2006, 2007 eta 2008an egin bezalaxe, 2009 urte osoan Oiartzungo postontzi batera iritsitako publizitatea bildu eta bertako hizkuntzaren erabilera aztertu dute: Liburuxkak, informazio-orriak, diptikoak, gutunak,... era guztietako euskarriak aztertuz.Edonori zuzendutako publizitatea da aztertu dutena, buzoi guztietara heltzen dena alegia. Azterketan, hizkuntzaren erabilera bost mailatan bereizi dute: euskaraz, gaztelaniaz, elebietan, euskaraz gehiago gaztelaniaz baino eta gaztelaniaz gehiago euskaraz baino.
Plazaratu zituzten datuen arabera, Oiartzuarrak, 2009an 42 merkataritza establezimendu ezberdinetatik bidalitako 139 publizitatea ale jaso genituen. Establezimendu horietatik 12 Oiar-tzunen kokatuak dira eta gainerako 30ak Oiartzundik kanpo daude. Eta, 2009an etxean jasotako publizitatean euskarazko eskaintza %15.1 bakarrik izan zen. Euskara hutsean jaso zena %0,7a izan zen eta gainerako %14,4ak ele bietakoak izan ziren.
2008an baino ale gutxiago jaso dira euskara hutsean; iaz 5 ale jaso genituen eta azkenekoan bakarra (%0,7) eta ez dago euskaraz gaztelaniaz baino gehiago duenik.
2009an publizitatea egin duten establezimendu batzuk, aurreko urteetan ere egin zuten eta eduki duten bilakaera aztertu dute.
Gauzak okerrera
Oiartzungo establezimenduek orokorrean aurreko urteetako hizkuntza irizpide berdinekin jokatu dute. Baten batek ordea okerrera egin du: izan ere 2008 urtean gaztelania gehiago erabili zuen eta 2009an ale bat gazteleraz gehiago atera badu ere, beste bi gaztelania hutsean atera ditu. Beste establezimendu batek ere antzeko joera eduki du.
Oiartzundik kanpoko establezimenduek ere, oro har, ez dute hizkuntza irizpiderik aldatu. Bi establezimenduk okerrera egin dute eta establezimendu batek hobera. Beraz, agerian geratzen da euskarari lehentasuna ematen dioten publizitate aleak zein urriak diren. Gainera euskara hutsean ateratzen dituzten aleen bilakaera beheranzkoa da.
Gaztelerari lehentasuna ematen diotenen kasuan: gaztelera gehiago erabiltzen dutenen kasua azken hiru urteetan beheranzkoa bada ere, gaztelera hutsean ateratako aleak gero eta gehiago dira. Azken finean, Oiartzunen jasotzen den publizitatearen gehiena gaztelera hutsean da.
Bestalde, euskarazko eskaintzaren datuak ez datoz bat oiartzuarren euskararen ezagutzarekin eta erabilerarekin: Ezagutza: 2001eko erroldaren arabera %76 dira euskaldunak Oiartzunen, eta %12,9 ia euskaldunak. Erabilera: Oiartzunen kalean hitz egindakoaren %61,7 euskaraz entzun zen 2008an egin zen neurketan. Beraz, bai ezagutzaren eta bai erabileraren ehunekoak urruti geratzen dira 2009an etxean jasotako publizitatearen euskarazko eskaintzatik (denak kontatuta %15.1; Oiartzungoak bakarrik kontatuta %6.6).
Euskaraz, eskubidea
Xabir Elizasu, Euskara zinegotziak azpimarratu zuenez «2003ko Kontsumi-tzaileen eta erabiltzaileen legearen kontrakoa da merkataritza establezimenduek etxera publizitatea euskaraz ez bidal-tzea». Lege horren arabera, kontsumitzaile eta erabiltzaile guztiek dute establezimenduetan euskaraz atendituak izateko eskubidea, eta establezimenduak prest egon behar du zerbitzua euskaraz eskaintzeko. Beraz, edozein informazio (baita publizitatea ere) euskaraz jasotzeko eskubidea dute kontsumitzaile eta erabiltzaileek.
Xabierrek honela amaitu zuen agerraldia: «Bezeroon esku dago zerbitzuak eta produktuak euskaraz eskatzea; azken batean, Kalitatea eskatzea. Ondorio hauek erakusten digute badela zer hobetu merkataritzaren arloan euskararen erabilera areagotzeko. Gu bi bidetatik saiatuko gara publizitatea bidali digutenen hizkuntz ohituretan eragiten: Batetik, publizitate-igorleei gutun bidez jakinaraziko dizkiegu gaur hemen azaldu ditugun ondorioak (Ttur-tturren eta Oiartzungo Udalaren izenean), eta publizitatea euskaraz eskaini ez dutenei hizkuntz ohiturak aldatzeko eskatuko da.
Bestetik, Hizkuntz Eskubideen Behatokian kexak aurkeztu ditugu (Ttur-tturren eta Udalaren izenean) publizitatea euskaraz eskaini ez dutenek hizkuntz eskubideak urratu dizkigutela salatzeko.