Azken egunotan Italiako iparraldean izan dira Gipuzkoako hainbat udalerritako udal ordezkari, teknikari edota atez atekoaren inguruan sortu diren bilguneetako kideak, hango hondakin kudeaketa ereduak ezagutzeko asmoz San Marko Mankomunitateak antolatu duen bost eguneko bidaian. San Markoko eta Debagoienako Mankomunitateko udalerrietako ordezkariak izan dira besteak beste, Torino eta Milano inguruetan. Guztira berrogei lagun inguru. Atez ateko bilketa zer modutan egiten duten eta zer nolako emaitzak lortzen dituzten, konpostaje plantak bisitatzen edota hondakinei lotutako zerga ordaintzeko zer nolako sistemak dauden ezagutu ahal izan dute Italiara joandakoek.
Italian izan dira, besteak beste, atezko ateko bilketa abian duten Gipuzkoako hiru udalerritako alkateak, Usurbil, Hernani eta Oiartzungoak; Xabier Mikel Errekondo, Marian Beitialarrangoitia eta Aitor Etxeberria hain zuzen. Usurbildik joan dira, baita ere, Errekondo eta Imanol Azpirozekin batera, Lontxo Zubiria eta Amaya Goyaran Aralar eta PSOE-EEko zinegotziak, Jarraipen Batzordeko, Atez Ate Dudipe bilguneko eta Usurbil Bizirik plataformako ordezkariak, eta atez ateko informazio bulegoko informatzailea.
Xabier Errekondo alkatearen esanetan nagusiki Torino probintzian ibili dira, Europa mailan Italia a-itzindaria izan baita bere esanetan atez ateko bilketa bidez hondakinen arazoari konponbide benetakoa ematen. «Hondakinen kudeaketari dagokion ziklo osoaren ezaugarri nagusiak bertatik bertara ezagutzera joan gara. Alegia, han egiten dituzten murrizketarako prebentzio kanpainak, berrerabilpena sustatzeko programak eta birzikla-tzea ikustera joan gara».
Usurbilgo eta Italiako Atez Ateko bilketak sisteman oinarrian an-tzekoak omen dira, «baina, ondoren hasi garenok aurrekoen akatsetatik ikasita hasten gara. Pentsa, Italian 1995. urtean hasi ziren eta 18 milioi pertsonen hondakinak biltzen dira sistema honen bidez. Hala eta guztiz ere, Usurbilen jarri dugun sistemak emaitza hobeak lortzen ditu bai sailkatutako bilketa mailan, bai bildutakoaren garbitasun mailan ere».
«Aurrekoarekin lotuta,Usurbilen hasieratik aplikatu ditugun hobekuntzek (pixohialak egunero jasotzea eta organikoa granelean poltsarik gabe biltzea) zerbitzuaren kalitatea asko hobetzeaz gainera eta emaitzak ere izugarri hobetzen dituela ikasi dugu. Asteburu honetan hemengo atez ateko bilketa oso ongi prestatuta dagoela konfirmatu ahal izan dugu».
Bazekiten, baina murrizketa areagotzeko sensibilizazio lanak egin behar direla ere gogorarazi diete, «herritarron ohiturak molda-tzeko». Eta horiek eraginkorrak izan daitezen, atez ateko bilketatik abia-tzeak izugarrizko ekarpena egiten diola azpimarratu nahi izan du alkateak. «Ikasi dugun ikasgai garran-tzizkoenetakoa, ordainketarena da. Alegia, sortzen duenaren arabera ordaindu behar duela herritarrak».
Han ikusitakotik Usurbilen aplikatzeko gaietan hiru puntu azpimarratu nahi ditu. «Murrizketara begirako neurriak eta kanpainak egin behar direla batetik. Gure hu-tsune nabarmenenetako bat osatuko lukeen pixoihal berrerabilgarrien garrantzia bestetik. Eta lehen aipatu dudan bezala, ordainketa zuzena aplikatzea, sortutako zaborraren araberako ordainketa bat ezartzea, bestetik. Hiru puntu horiek dira Italiatik Usurbilera, gure egiteko moduan ekarri ditugunak».