Joxean Sagastizabalek primeran sekulako arrakastaz islatu zituen 'Kutsidazu bidea, Ixabel' liburuan baserri giroan murgiltzen den urbanita euskaldun berriaren gorabeherak. Juan Martin haren abenturak gogoan, eleberriaren izenburua baliatu dute Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak eta EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkarteak esperientzia berri bat abian jartzeko: urtean zehar mintzapraktika programetan parte hartzen dutenei udan euskara baserrian praktikatzeko aukera emateko, alegia.
Une honetan, hiru mila lagunek hartzen dute parte Euskal Herri osoko 60 herri eta eskualdetan martxan dauden mintzapraktika programetan. Horiei zuzentzen zaie aurten lehen aldiz abiatuko den proiektu pilotua. Horren bitartez, udan ere euskara praktikatu nahi duten mintzalagun edo berbalagunek Bizkaiko 17 baserritan izango dute horretarako aukera, uztailean, abuztuan eta irailean. Baserri giroa ezagutzeko aukera bikaina ere bada ekimena, eta programarekin hasi aurretik baserrian oinarri-oinarrizkoak diren lanetara ohitzeko formazio saio xumea eskainiko die EHNEk parte-hartzaileei. EHNEk prest du ekimenera bildu diren baserrien zerrenda, berbalagunen zain. Izena ematea dohain da, eta baserria bitarteko garraio gastuak ere ordaindu egingo zaizkie boluntarioei.
Mintzapraktika programaten bezala, parte hartzea norberaren aukeren araberakoa da. Horrenbestez, aldi bateko egonaldiak egin daitezke, ordukakoak, egun bakarrekoak..., oso malgua baita proposamena, edonoren beharrei egokitzeko modukoa. Izena emateko epea ekainaren 25ean amaituko da. Horretarako ein zalantzak argitzeko, 948132693 telefonoa eta mintzapraktika@topagunea.org helbidea proposatzen dute antolatzaileek.
Jarduera barnetegi berriak
Aurten ere eskaintza oparoa prestatu du AEK-k udan euskara ikasten hasi edo jarraitzeko edo ikasitakoa praktikatzeko. Euskaltegietan eskainiko dituzten ikastaro trinkoez gain, ohiko euskalduntze barnetegiak antolatu dituzte Hego zein Ipar Euskal Herrian. EGA azterketa edo 3. maila prestatzeko barnetegiari ere eutsi diote, eta abuztuan egingo da, Foruan (Bizkaia). Zuberoan, berriz, sei eguneko barnetegia antolatu dute abuztuan, xiberera ikasteko. 2010eko udako eskaintzan ez dira falta uztailean eta abuztuan gauzatuko diren familia barnetegiak, apartak guraso eta haurren artean euskaraz aritzeko ohitura sortu eta sendotzeko.
Berrikuntzei dagokienez, aipatzekoak dira jarduera barnetegiak, eskola orduez gain, sukaldaritza, bertsogintza, antzerkigintza, dantza, pilota, abentura kirola. tailerrak egiteko. Abuztuan egingo dira, Foruan. Bestetik, lehenengo barnetegi ibiltaria egin zela hamar urte betetzen direla-eta, aurten, bizikletaz egiten den betikoaz gain, lehenengo aldiz burutuko da oinez egindakoa ere. Biek ala biek eskaintzen diete ikasleei Euskal Herriko lekurik ederrenak ezagutzeko aukera, mintzapraktika egin bitartean. «Mihi puntan duzuna ateratzeko» prestatu dituzten ikastaroei buruzko informazio zehatza. AEK-ren web gunean (ww.aek.org).