Gazteen artean euskararen erabilera areagotzen lagun-tzeko oinarrizko estrategiak landu dituzte Oiartzungo 22 entrenatzailek ikastaro batean. Entrenatzaileek asko egin dezakete ikastaroak izandako harrerarekin pozik dago Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunea apirilaren 28tik maiatzaren 6ra ikastaroa egin dute Oiartzungo hainbat elkartetako entrenatzaileek.
Entrenatzaileak haurrentzako eredu direla, eta beraz, haiekinerabiltzen duten hizkuntza euskara izatea garrantzitsua dela adierazi nahi izan zaie entrenatzaileei aipatutako ikastaro horren bidez. Ikastaroaren izenak berak dioen bezala entrenatzaileek asko egin dezakete haur eta gaztetxoen hizkuntz ohituretan eragiteko, eta ohitura horiek euskararen aldekoak izateko. Hizkuntza ohitura horietan eragiteko moduak, oinarrizko estrategiak landu dituzte ikastaroan. Lau orduko ikastaroa izan da, eta guztira 22 entrenatzailek hartu dute parte.
Oiartzunen ehunka haur, gazte eta helduek egiten dute kirola aisialdi garaian, eta horietatik asko kirol elkarteetan aritzen dira. Toki horietan beraien lagun eta entrenatzaileekin komunikatzeko erabiltzen duten hizkuntza euskara izateak garrantzi handia duela konturatuta antolatu zen ikastaroa. Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak eta Oiartzungo Udalak antolatu dute ikastaroa, eta Ttakun Kultur Elkarteko begirale baten eskutik jaso dute ikastaro hori.
Ekimenak harrera ona izan zuen hasieratik; entrenatzaileen aldetik parte hartzeko nahia sumatu zen, eta horregatik, bi txanda antolatu ziren, egun eta ordutegi desberdinetan, parte hartzeko aukera handiagoa izateko. Haur eta gazteekin aritzen diren Oiartzungo kirol elkarteetako entrenatzaileekin zuzenean jarri zen harremanetan Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunea, Euskara Elkartera egitasmoko suspertzailearen bitartez, eta ikastaroaren berri eman zien. Elkarte horietan 45 entrenatzaile biltzen dira, eta horietatik 22k parte hartu dute ikastaroan.
Ondoko elkartetakoak dira parte hartzaileak: Oiartzun Kirol Elkartea (futbola), Oiartzungo Kenpo Kai Elkartea (kenpo), Saskilagunak Saskibaloi Elkartea (saskibaloia), Oarsoaldea Igeriketa Elkartea (igeriketa), Oiarpe Elkartea (esku pilota), eta Elizaldetarrak Judo Elkartea (judo).
Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunea pozik dago ikastaroaren emaitzarekin. Elkarteetan aritzen diren entrenatzaile gehienak borondatez aritzen dira, lan edo eskola orduak amaitu eta gero haurrak entrenatzen.
Hori horrela izanik, txalogarria da ikastaroan parte hartzeko azaldu duten interesa, eta euskararekiko konpromisoa.
Ikastaroan parte hartu duten elkarteetako entrenatzaile batzuen adierazpenak ere bildu ditugu: Josu Arabolaza (Saskilagunak Saskibaloi Elkartea). «Ttur-tturretik deitu ziguten eta ondo iruditu zitzaigun, izan ere horrela da, entrenatzaileek asko egin dezakegula euskararen alde, eta jokalariek euskara erabiltzeko. Ikusi ditugu estrategia ezberdinak, eta nik uste haurrekin erabiltzeko modukoak direla, erabilgarriak direla. Irakaspenak atera ditugu, gero kontua da erabiltzea, eta hori entrenatzaile bakoitzaren esku geratzen da: erabiltzea, eta eragitea. Oiartzunen euskara nahiko erabiltzen da, baina hala ere jokalari batzuekin erabiltzeko ondo etorriko da».
Angel Ezponda (Oiarpe Elkartea). «Guk zorte handia dugu, taldean denak euskaldunak gara, bai zuzendaritzan, bai pilotarien artean ia denak euskaldunak %100, baina beti sortzen dira beharrak eguneroko arazoetan eta. Gauza interesgarriak ikasi ditut: zalantzarik gabe, hitz egitera bultzatzea da helburua, baina teknikak dira inor behartu gabe eta, nik uste interesgarria dela».
Alain Isasa (Kenpo Kai Elkartea, Honbu). «Nik uste interesantea izaten dela haurrak ahalik eta euskara gehien erabil dezaten bultzatzea. Txiki txikitatik ohituz gero, handitzen dira euskara jakinda. Gure kasuan gertatzen zaiguna da teknikoki ez dugula hiztegi bat, gurea Japoniako arte martzial bat da, orduan, euskara ez da oso erabilia, eta kosta egiten da euskaraz klase bat ondo eramatea. Irakaspenak atera ditugu, adibidez, haurren kasuan, badaude egoera batzuk, haurrak erdaraz hitz egiten dizu, eta zuk ez dakizu nola egin hori aldatzeko. Hemen esplikatu diren teknika horiekin hartzen duzu ideia bat nola bideratu aldaketa hori. Lehen agian erabiltzen nuen, baina ez nintzen konturatzen, orain kontzientzia maila handiagoa dut, teknika bakoitza erabiltzeko».
Gema Loinaz (Oiartzun Kirol Elkartea). «Gure kasuan agian beharra ez da hain handia, izan ere, denek egiten dute euskaraz, eta beste taldeetan ere gehienek, baina ondo dator euskaraz egiten ez duten horientzako, beraiekin nola jokatu eta abar jakiteko. Nik uste dut baliogarria dela ikastaroa, nahiz eta guk aurten arazorik ez izan. Agian datorren urtean etortzen dira bat edo bi ez dakitenak euskaraz, edo jakin arren erdaraz egiten dutenak, eta beraiek konturatu gabe, edo zuzenean esan gabe aldaketa bideratzen saiatzeko estategia batzuk izatea ondo dator, beti».
Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak eta Oiartzungo Udalak Euskara Elkartera egitasmoaren baitan antolatu du ikastaroa. Oiartzungo 29 elkartek parte hartzen dute egitasmo horretan, eta horien artean daude lehen aipatu ditugun kirol elkarteak. Egitasmoaren helburua da, elkarteetan euskararen erabilera areagotzea.