Udaletako euskara-zerbitzuen II. topaketak (Udaltop) hasi ziren atzo, gai honen inguruan: «Nerabeen aisia eta lagunartea: zer eta nola egin daiteke udaletatik nerabeek aisian eta lagunartean euskara gehiago erabiltzeko?». Arratsaldean sare sozialei buruzko jardun batzuk egon ziren eta hau izan zen gehien errepikatutako eta azpimarratutako ideietako bat: sare sozialetan, hizkun-tza hizkuntza formala da; hizkuntza fresko eta informala, gaztelania.
Lehenbizi, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Jon Aizpuruak ikerketa baten berri eman zuen. Erakunde horrek eskatu eta CodeSyntax enpresak burututako ikerketa da, alegia. «Ondorioak ateratzeko ditugu oraindik -esan zuen Aizpuruak-, baina gauza batzuk aurreratzeko moduan nago: ematen duenez, sare sozialen erabiltzaileek, lehendik duten hizkuntza dinamika ekartzen dute sarera, mundu errealaren eta birtualaren artean ez dago alde handirik hizkuntza erabilerari dagokionez; erabiltzaileak, mezuak talde zabal bati zuzentzen dizkionean, gaztelania erabiltzen du nagusiki, baina azpitaldeak identifikatuta dituenean haiekin zenbaitetan euskara erabiliko du; sare sozialetan, hizkuntza freskoa eta informala gaztelania da, eta hizkuntza formala euskara; euskara gaizki erabiltzeko beldurra nabaritzen da, badago euskara txukun egiteko presio bat, eta horrelakorik ez da gertatzen gaztelaniaren kasuan».
Gero, mahai-inguruan, teknologia berrien bi aditu jardun ziren: Luistxo Fernandez (CodeSyntax) eta Gorka Julio (Elurnet).
Luistxo Fernandezek esan zuenez, «garai batean, nerabeen artean, messenger zen nagusi, orain tuenti. Bitartean, azkeneko bi urteotan, %30 jaitsi da telebistaren kontsumoa gure nerabeen artean».
«Hamasei urteko jendeak, egunean sei ebentotarako gonbidapena jasotzen du. Horietatik, euskaraz batere ez edo bakarren bat, politika abertzaleari buruzkoa edo jaiei buruzkoa (trikitixa tarteko); diskoteketako gonbidapenak erdaraz dira». Aditu honen ustez, euskara hutsezko sare sozial bat sortzeak ez du zentzurik, «ez lukeelako fun-tzionatuko».
Udaltop topaketak Lasarte-Oriako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura eta Euskara Departamenduak antolatuta daude, Eusko Jaurlaritza eta EUDELen laguntzarekin. Batez ere Udaletako euskara teknikariei daude zuzenduta.
Atzokoan, aipatutakoez gain, lagun hauek aurkeztu zituzten ponentziak: Pello Jauregi (Huhezi) («Esku hartzeko hainbat ildo, hurbilketa sistematikotik begiratuta»); Aritza Escandon (Kultur Kabia) («Euskararekiko motibazioan eragin: nerabeentzako kontsumo nasiboko egitasmoak»); Jaime Altuna (Urtxintxa) («HEZHIZ: HIZkun-tza HEZiketarako dinamizazioak»); eta Ramuntxo Etcheberry eta Estelle Gogni (Seaska) (Glisseguna: Ipar Euskal Herriko gazteei zuzendua den surf/skate eguna»).
Gaur da bigarren eta azken eguna, eta , besteak beste, hauek ariko dira: Maite Alvarez eta Iñaki Lopez (Bermeoko Udala) («Gazteria eta Euskara zerbitzuen elkarlana nerabeengan eragiteko»); eta Asier Basurto (Soziolonguistika Klusterra) («Gazteen erabileraren korapiloa begi-bistan»).