Usurbilgo XXXVIII. Pilota txapelketa apirilaren 17an hasiko da. Usurbilgo Pilota Elkarteak Andatzpe eta Peña Pagola eta Kirol Patronatuaren laguntzaz antolatutako eskuz binakako txapelketako partidak ikusteko aukera izango da Santixabelak bitartean, orduan jokatuko baitira finalak.
Aurtengoan ere, iaz bezala, jubenil eta nagusien mailako pilotariak izango dira txapelketa honetan parte hartuko dutenak. Aurreko urteetan kadete mailako neurketak ere jokatu izan dira, baina edizio honetan ez da horrelakorik izango. Guztira 68 bikote izango dira lehian, 136 pilotari hain zuzen ere. Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako pilotariak izango dira herriko pilotalekuan, edota Aginagako Hariztitxon eguraldi txarra eginez gero, txapelketa hau eskura-tzen saiatuko direnak.
Jubenil mailan kanporaketa bidezko txapelketa izango da eta 25 bikote izango dira lehian. Dagoeneko zehaztu dute antolatzaileek txapelketako koadroa eta 18 bikotek aurrekanporaketa bat jokatu beharko dute. Bikote irabazleek final zortzirenetan zain izango dituzte beste hainbat bikote. Ondoren etorriko dira final laurdenak, finalerdiak eta finala. Jubenilen txapelketako lehen neurketak maia-tzaren 2an izango dira.
Usurbilgo Pilota Elkarteko pilotariak ikusteko aukera izango da maila honetan. Xabier Santxok Aizpitarte hernaniarrarekin jokatuko du eta Zinkunegi-Gesalaga eta Mendizabal-Galarraga izango dira herriko pilota elkarteko beste ordezkariak.
Nagusien mailari dagokionez, 43 bikote izango dira XXXVIII. edizioan parte hartuko dutenak. Txapelketako koadroa egina dute antolatzaileek eta finalera arteko adar guztiak finkatu dituzte. Final zortzirenetara iritsi aurretik bi kanporaketa izango dira. Hasteko22 bikoteren arteko lehendabiziko kanporaketa jokatuko da apirilaren 17an hasita. Irabazleek beste bikote batzuk zain izango ditzute hurrengo kanporaketan. Horrez gain, bigarren kanporaketa honetako zenbait partida zehaztuta dituzte antolatzaileek. Aurrera egiten dutenek zortzirenak izango dituzte ondoren, finalera arteko bidea izango dutelarik hurrengo kanporaketetan. Maila honetan herriko pilota elkartearen ordezkaritza zabalagoa izango da. Sei bikote izango ditu Usurbilgo Pilota Elkarteak: Arruti-Ostolaza, Domingez-Katalina, Errasti-Aranalde, Santxo-Urruzola, Hernandez-Zinkunegi eta Muguruza-Iñarra.
Txapelketako pilota partidak larunbat eta igandetan goizeko 10:30ean jokatuko dira eta txapelketako egitaraua ere zehaztu dute Usurbilgo Pilota Elkartekoek. Lehenengo kanporaketako partidak apirilaren 17tik apirilaren 24 bitartean jokatuko dira, bigarren kanporaketak apirilaren 24tik maiatzaren 16ra. Final zortzirenak maiatzaren 22tik ekainaren 6ratik 31ra bitartean, final-laurdenak ekainaren 12tik 19ra bitartean, ekainaren 26 eta 27ean finalerdiak eta azken neurketak Santixabel egunean izango dira, uztailaren 2an hain zuzen ere.