Haurtzaro Ikastolako kideek eguneroko komunikazio-hizkuntza euskara izaten saiatzen dira, eta horretarako antolatu zuten Euskaraz Bizi taldea. Horren ekimenez, ikasturtean zehar kanpainak antolatzen dira: euskararen aldeko jarrerak landu eta euskaraz hitz egiteko ohiturak sendotzeko. Bestalde, azken sei urte hauetan, Haurtzaro ikastolako DBHko ikasleek badute Euskara Elkartea: Eskuttun. Ikasleen artean euskararen erabilera sendotzeko asmoa dute eta aurten ere eskuak bete lan izango dute. Eskuttuneko taldekideok ostiral arratsaldeetan elkartzen dira, ikastorduz kanpo. 34 ikasle aritu dira lanean elkarte honetan. Aurten bereziki indar berritu da taldea, izan ere, DBH 1. mailako ikasle berri ugarik eman duelako izena euskararen alde lan egiteko. Urteroko programari jarraituz, Euskaraz Bizi egitasmoan hartuko dute parte: HHko geletan Argitxo iratxoaren aurkezpenak egiten dituzte eta honen ipuinak kontatzen dizkiete ikasle txikienei. Gainera, ikastolak antolatzen dituen ekitaldi eta ospakizun guztietan: San Tomas, Olentzero, Inauteriak, Santa Ageda, San Nikolas. euskararen presentzia ziurtatzen ahalegintzen dira. Euskarazko paisaia ere zaintzen dute. Horretarako Euskara hobean hobe izeneko kanpainarekin jarraituko dute. Egitura traketsak zuzentzeko esaldiak aukeratu, zuzendu eta betiko tokietan zintzilikatzen dituzte.
Horiekin batera, ikasleen arteko kidetze saioak ere prestatzen dituzte: jolasak, kirol lehiaketak, ipuin kontaketak, antzerki emanaldiak...
Lehen hiruhilabeteko kanpainarekin loturik, DBH osoan «anti-piropo» lehiaketa antolatu zuten, jendeari gauza desatseginak euskaraz esateko moduak lantzeko eta arrakastatsua izan da oso. Irabazlea ere izendatu dute, DBH 1. mailako Beñat Oiarbide Agirrezabala. Honek sortutako anti-piropoa hauxe izan da: Zure kopetako granoekin Esne-bideko konstelazio guztiak ikasi ditut. Bigarren hiruhilekoan ere lanari gogor eta gogoz heldu diote. Euskararen alde lan egiten ari dira eta datorren asterako prestatu dute egundalako ekitaldia. Izan ere Fermin Muguruza abeslariaren bisita izango dute Haurtzaroko DBHko ikasleek. Berarekin batera Esne Beltza taldeko Xabier Solano arituko da. Irungo musikari ospetsuarekin hitz egiteko parada izateaz gain bere ibilbidearen errepasoa egingo dute, guztien gozamenerako. Fermin Muguruza (Irun, Gipuzkoa, 1963ko apirilaren 20) euskal musikagilea, abeslaria eta ekoizlea da. Iñigo Muguruza anaiarekin eta Mattin Sorzabalbererekin ( gerora Treku Armendaritz sartuko zen) 1982an Kortatu punk-ska musika taldea sortu zuen. 1988an taldea desegin zen, baina Fermin eta Iñigo, Kaki Arkarazorekin elkartu ziren berriro 1990ean, Negu Gorriak osatzeko. 1997an Dut taldearekin aritu zen. Hala ere hainbat disko atera ditu bakarlari gisa.
Badute, beraz, Haurtzaroko gaztetxoek norekin gozatua.