Zizurkilgo azokaren XX. edizioa igandean izango da

Azoka berezia bertako baserritar eta artisauen lana erakustea da.

23 nekazari postu egongo dira ikusgai, Teodoro Hernandorena kalean eta 19 artisau postu, Intxaur frontoian

IMANOL ARRATIBEL ZIZURKIL.

Igandean egingo da aurten Zizurkilgo Azoka Berezia. XX. edizioa izango du, urteurren berezia, bigarren hamarkada betetzera iritsi baita. Goizeko 11etan irekiko da azoka. T. Hernandorena kale osoan zehar Zizurkilgo baserritarren 6 postu, eta beste 17 elikagai postu izango dira. Intxaur frontoian, berriz, 19 artisauren lanez (3 zizurkildar) gozatzeko aukera izango da. Azokaren ordutegia 11:00-14:30 eta 16:30-19:30 izango da. Azokara gerturatzen direnak ikusle huts baino parte-hartzaile aktibo bihurtu nahian, aurten tailerrak eskainiko dira goizez zein arratsaldez.

Goizean, esaterako, jostailu eta buztin tailerrak egongo dira, azokan postua jarriko duten Kromosoma tailerraren eta Rafa Aranaren eskutik. Arratsaldean, berriz, eskultura kooperatiboa, kandela eta baratze-tailerrak eskainiko dituzte Bilboko ACCES Cultura elkarteko kideek, besteak beste. Era horretara, eurek egindako produktuak eskuetan dituztela joan ahal izango dira etxera txikitxoenak, egun batez artista eta nekazari bihurturik.Beste hainbat postu berezi ere izango dira: herriko San Millan eta Otaño ikastetxeetakoek eta guraso elkarteek ere jarriko baitute postua. Tolosaldeko Turismo Bulegoak ere ipiniko du postua azokan, eskualdeko parajeen berri emateko. Azokaz gain, beste hainbat ekintza egongo dira egun osoan zehar. Haurrei dagokienez, puzgarriak egongo dira etxeko txikienentzat goiz eta arratsalde. Horrez gain, Zizurkilgo Danena txirrindularitza eskolak jarduerak antolatuko ditu 2006-2009 urteen artean jaiotako umeentzat, Lartingo zelaietan. Arratsaldean ponietan ibiltzeko aukera ere izango dute etxeko txikitxoenek azokan zehar.

Herri bazkaria

Azken urteetan arrakastatsua izan da herri bazkaria, eta aurten bide beretik antolatzea erabaki da. Menua: Salda, bertako postuetako enbutidoa, bertako barazkiekin egindako paella erraldoia, Mahalako yogurra, kafea eta txupitoa. Ohi bezala Zimiterioan eskainiko da bazkaria. Txartelak 15 euroren truke erosi daitezke Iriarte eta Egarri taber- netan. Soberan badaude, egunean bertan ere salgai jarriko dira. Horrez gain, iaz bezala aurten ere mahaiak eta aulkiak ere jarriko dira Zimiterioan, etxetik bazkaria eraman nahi dutenek erabili ahal izateko.

Lasto Altxatze Txapelketa

Beste alde, Euskadiko lasto altxatze txapelketa eta herri-kirol erakustaldia Zizurkilen jokatuko da herri-kirol diziplina horretako Euskadiko txapelketa. Bertan elkartuko dira gizon zein emakume onenak, mar-karik onenak egiteko ahaleginetan. Arratsaldeko 18:30ean hasiko da proba, eta erakustaldi bikaina ziurtatua dago. Ondoren, Herri kirol erakustaldia izango da Zizurkilgo aizkolarien eskutik: Joseba eta Unai Otaegi, Jon Irazu eta Alazne Etxaburua ariko dira saioa eskaintzen.

Autobusa doan

Joan-etorriak erraztu eta mugikortasun arazoak ekiditeko, aurten ere doako autobus zerbitzua jarri dugu. Autobusak egun osoan zehar ibiliko dira gora eta behera, etengabe. 10:45etik aurrera Bulandegiko errotondatik eta Zubiarretxoko bidegurutzetik irtengo dira autobusak. Eguneko azkeneko autobusa, aldiz, 20:30ean irtengo da Zizurkil goitik. Beraz, autobusa erabiltzeko gonbita zabaldu nahi dugu, guztiontzat hobea izango baita, eta noski baita lanean ari diren boluntarioen esanei kasu egiteko ere.

Fotos

Vídeos