Zeltiar musika kontzertua igandean Urmaran

Oihane Igerabide harpa-jotzailea, Iñaki Telleria perkusionista eta Martí Varela biola-jotzailea arituko dira emanaldian

NÚÑEZ ALKIZA.

Urmara museoak laugarren urtez Grap-hik! topaketak antolatu ditu, papera, teknika-grafikoak eta artista liburuen inguruan. Igandean emango zaie hasiera topaketei zeltiar musika kontzertuarekin. Oihane Igerabide harpa- jotzailea, Iñaki Telleria perkusionista eta Martí Varela biola-jotzailea arituko dira emanaldian. Kon-tzertua 12:00etan hasiko da eta guztientzat irekia izango da.

Ondoren bazkaria izango da nahi duten guztientzako: oilaskoa eta barazkiak brasan, postrea, edaria eta kafea, 10 eurotan. Bazkaltzera geratu nahi dutenek 609 465 942 telefono zenbakira deituz edo mail@urmara.com helbidera mezua bidaliz izena eman beharko dute, lekua mugatua baitago. Nahi dutenentzat menu begetarianoa ere egongo da.

Grap-hik! topaketak hilabete guztian egitarau zabala izango dute. Abuztuak 1etik 5era xilografia tailerra izango da. Tailerra hasiberri zein profesionalei zuzendua dago eta bertan gaur egungo grabatuak aztertu eta egingo dituzte.

Abuztuaren 5ean ere, 'Komikien sorkuntza gaur egun' tailerra izango da Felix Aizpuruaren eskutik. Komikien inguruko tailer praktikoa izango da, teknika ezberdinen erakusketa eta bideo emanaldiarekin. Bi saio izango dira, 12:30ean eta 16:00etan. Tailerretan izena emateko edo informazio gehiagorako mail@urmara.com mezua bidali edo 609 465 942 telefono zenbakira deitu beharko da.

Abuztuaren 11n, ostiralean, 'Xendrak' izenburuko greziar musika kontzertua izango da. Itziar Navarro gitarra-jotzaileak eta Laura Freire biolin-jotzaileak eskainiko dute emanaldia. Kontzertua 18:30ean hasiko da eta 20:00etan Carmen Ortiz, Pi Ortiz eta Sara Prieto ilustratzaileen erakusketa irekiko da Art negutegian.

Abuztuaren 26an, larunbatean, 'Lamiaren zubia' emanaldia eskainiko dute Susana Cencillo akordeoi-jotzailea, Nekane Mendizabal dantzariak eta Koldobika Jauregi artistak. Ikuskizuna iluntzeko 21:00etan hasiko da eta musika, dantza eta grafika iragankorra uztartuko ditu, ikusentzunezko proiekzio batekin.

Topaketen azken eguna irailaren 16an izango da. Arratsaldeko 17:30ean 'Una casa en Walden' liburuaren aurkezpena egingo dute Pepitas de calabaza argitaletxeko kideek. Liburua Henry David Thoureau idazlearen jaiotzaren 200 urteurrena ospatzeko argitaratu da. Aurkezpenarekin batera, Urmarako Thoureu espazioa eraberritua inauguratuko da.

Fotos

Vídeos