Zegamako orientazio ibilbide iraunkorra zabaltzeko ekitaldi berezia igandean

10:00etatik aurrera orientazio proba herrikoia jokatuko da herriko plazan

EDURNE ALBIZU ZEGAMA.

Datorren azaroaren 26an zabalduko da Zegamako orientazio ibilbide iraunkorra eta ekitaldi berezi moduan, egun horretan bertan, orientazio proba herrikoia jokatuko da herriko plazan goizeko 10:00etatik aurrera.

GOT (Gipuzkoako Orientazio Taldea), Zegamako Udala, GPS (Gipuzkoako Parketxe Sarea) eta Goierri Turismoren elkarlanari esker, iparorratza eta mapa lagun, Zegaman barrena orientazio kirolaz gozatu ahal izateaz gainera, inguruko txokoak ezagutzeko aukera izango da aurrerantzean.

Zegamara hurbiltzen den bisitari orok, hemendik aurrera, herria eta inguruak ezagutzeko beste modu bat ere izango du. Anduetza parketxean, orientazio mapak eskuratu ahal izango dira, eta han emango diren mapen bitartez, herrian barrena jarritako baliza edo elementuak bilatzea izango da parte hartzaileen erronka.

Hiru ibilbide

Zehazki hiru orientazio ibilbide antolatu dira, zailtasun mailaren arabera. Errazena, etxeko txikienekin egiteko modukoa da; altxorraren bila jolasteko aukera paregabea. Ibilbide ertaina, berriz, orientazio kirola ezagutu eta mendian ibiltzen ohituta daudenentzako dago pentsatuta; 4 kilometroko ibilbide luzea, berriz, orientazio gaitasun fina eskatzen duen ibilbide bat da.

Orientazioa jolas izateaz gain, kirola ere badenez, datorren azaroaren 26an Gipuzkoako III. Orientazio liga herrikoia abiatuko da Zegamako herrian. GOT taldeak antolatuta, familia zein heldu, taldeka edo bakarka, parte hartu ahal izango dute orientazio proba herrikoi honetan. Egunean bertan jarriko diren balizak bilatu beharko dituzte parte hartzaileek. Lehen irteerak goizeko 10etan izango dira herriko plazatik. Era berean, orientazio kirolaren oinarrizko ikastaro bat ere izango da goizeko 10etan, lehen aldiz, orientazio proba batean parte hartu nahi duenarentzat (herriko plazan).

Probaren xehetasun guztiak eta izen ematea www.GOTorientazioa.org web orrian dago. Informazioa eta izen ematea. www.GOTorientazioa.org. Kontakturako: info@gotorientazioa.org (652727841)

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos