Zaborren gaikako bilketaren sentsibilizazio kanpaina martxan jarri du Udalak

Beltzaren plazaren ondoko jolastokian jarri dituzten bi kuboak tokiz aldatuko dituzte kanpainak dirauen lau asteetan zehar. /  A.G.
Beltzaren plazaren ondoko jolastokian jarri dituzten bi kuboak tokiz aldatuko dituzte kanpainak dirauen lau asteetan zehar. / A.G.

GOIKOETXEA AMEZKETA.

Amezketako Udalak, Tolosaldeko Mankomunitatearekin elkarlanean, zaborren gaikako bilketaren sentsibilizazio kanpaina burutuko du datozen lau asteetan. Aurreko astean egurrezko paletekin egokitutako bi kubo edo totem jarri zituzten Beltzaren plazaren ondoko jolastokian, alboetan hondakin mota banarekin: bata horia, plastikozko, metalezko eta brik motako ontziekin; eta bestea berdea, beirazko ontzi eta botilekin. Bi kubo horiek herriko beste zenbait tokitara mugituko dituzte kanpainak dirauen bitartean.

«Gaikako bilketan herritarren parte-hartzeak berebiziko garrantzia du birziklatze prozesuari begira, eta amezketarrei gogorarazi nahi diegu euretako bakoitzak zenbaterainoko ardura duen arlo honetan guztion mesedetan», adierazi dute Udaletik. «Oker edota nahastuta botatako hondakinek prozesu hori oztopatu egiten dute eta, gainera, gaizki botatakoak errefusa moduan kudeatu behar izaten dira. Horrek eragina du urteko zabor bilketaren tasan».

Udalak azaldu du azken bi urteetan Tolosaldeko landa eremuan (Amezketa barne hartzen du eremu horrek) batez beste sortzen den zaborraren %58,58 birziklatzen dela eta hori «datu ona» dela. «Halere, birziklatzen ez den beste zatiak, errefusera doan %41,41 horrek ez luke osorik errefusera joan behar, badago gaika birziklatu beharko litzatekeen zati garrantzitsu bat».

Alegia, errefusera botatzen denetik %77,71 da benetan errefusa; gainerako %22,29 organikoa, plastikoa, beira edota papera da. Beste modu batera esanda, errefusera botatzen denaren lautik bat ez litzateke hala bota behar. «Horra hor amezketarrek dugun aukera gaikako bilketa areagotu eta hobetzeko», gaineratu du Amezketako Udalak.

Azken datu bat ere eman du: organikoa konpostajearen bitartez kudeatzeko erabakia Amezketako etxebizitzen %64k hartua du. «Herritarren praktika egoki horri esker, gaikako bilketarekin batera, amezketarrek ingurumenaren zaintzarekin duten konpromisoa erakusten dute».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos