XVII. Errezil sagar lehiaketa eta baserriko produktuen azoka egingo dira igandean

Lontxo Ormazabal, Gabino Murua eta Iñaki Etxezarreta. /  A.B.
Lontxo Ormazabal, Gabino Murua eta Iñaki Etxezarreta. / A.B.

Josu Osa, Lontxo Ormazabal eta Jakoba Errekondo Gabirian izango dira

ARANTZAZU BAZTARRIKA GABIRIA.

Igande honetan, azaroak 19, Gabirian XVII. errezil sagar lehiaketa eta baserriko produktuen azoka izango da. Erbie elkarteak Udalaren, Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Diputazioaren eta inguruko enpresen laguntzarekin antolatua.

Duela 24 urte hasi, eta zenbait urtetan sagar faltagatik ospatu ez den ekitaldi hau bertakoa den errezil sagar barietatea bultzatzeko xedearekin sortu zen, eta gaur egun askoz gehiago den arren, ez du galdu bere kutsu didaktikoa.

Izan ere, antolatzaileentzat ezinbestekoa da baserriko produktuak ezagutarazteko bideak zabaltzea interesatuei. Helburu horrekin, azken urteetan bezala, Josu Osa aditua arituko da sagarrondoak eta beste fruitu arbola batzuk noiz eta nola txertatu eta kimatu behar diren azaltzen; Lontxo Ormazabal sukaldariak errezil sagar konpota nola egiten den erakutsiko du, eta bukatu arte itxaroteen duenak dastatzeko aukera ere izango du; Jakoba Errekondok argitaratu berri duen liburua/agenda sinatu eta aurkezten aritzeaz gain, inguratzen direnek landareei buruz dituzten zalantzak argitzen arituko da; eta Dantza lekuan, 'Hazi ezkutuen bila' erakustaldia egongo da, Goierriko hainbat eskolarekin elkarlanean tokian-tokiko haziak berreskuratu eta babesteko egin duten lana ikusgai.

'Hazi ezkutuen' erakustaldiaz gain, Dantza lekuan, herriko eskolaren eraikuntzan kokaturik dagoen aretoan, Goierri-Beheko ezti lehiaketa egingo da. Bertan parte hartu nahi duten eztigileek leku horretan aurkeztu eta izena eman beharko dute goizeko 10-11 bitartean.

Beste lehiaketa eta azokari dagokionez berriz, parte hartzaile guztiak, denera 27 herritar ezberdin , goizeko 9:00etarako herriko plaza inguruan egon beharko dute 10:00etan azoka hasi dadin.

Sariei dagokienez, sagar lehiaketan maila berdineko hiru sari banatuko dira, betiko moduan aurten ere iaz saria jaso zuenak ez du berriz jasotzerik izango nahiz eta irabazi; sagar-goxo lehiaketan berriz, irabazle bakarra izango da eta ezti lehiaketan beste 3 sari banatuko dira.

Amaitzeko, sari banaketaren ostean, baserriko produktuak erosi dituztenen artean saskikada bat errezil sagar, Baztarrika gaztandegiko gazta eder bat eta Korta jatetxeak emandako sagar tarta bat zozketatuko dira.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos