Xoldokogainara antolatu dute mendi irteera igandean

Hondarribia, Hendaia y la desembocadura del Bidasoa. / A.A.S.

DV LAZKAO.

Lazkaotarrak Kirol Astearen ospakizunetan murgilduta jarraitzen dute eta hauen artean, hain zuzen ere, mendi irteera antolatu dute Amalur eta ikastolak iganderako. Xoldokogainara joango dira oraingoan, Biriatun.

Atlantikoko itsasotik abiatuta Pirineotako lehen tontorra da Xoldokogaina (436 metro). Behi bidean, mendiaren magala zeharkatuz, lehenik 'Poiriers' eta ondoren 'Osins' izeneko lepoak gurutzatuko dituzte, «denbora guztian zailtasunik gabeko igoera erosoa eginez», antolatzaileen esanetan.

Zortzi kilometroko ibilbidea izango da, hiru ordu inguruan egiten dena, eta Txingudiko badia osoaren bistak gozatzeko aukera izango dute tontorrean animatzen direnek.

Irteera Itzala taberna parean izango da, goizeko 8:00etan, eta itzulera arratsaldeko 14:00ak aldera dago aurreikusia. Joan nahi duenak amalur.me@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidali dezake, antolatzaileekin harremanetan jartzeko, edo 636 97 91 54 telefono zenbakira idatzi, WhatsAppez.

Fotos

Vídeos