Xabi Urbieta eta Aitor Aranguren dira VI. Antton Pebet memorialeko txapeldunak

Urbieta eta Aranguren eskuratu zuten txapela final eder batean. /  ARGAZKIAK I.A.
Urbieta eta Aranguren eskuratu zuten txapela final eder batean. / ARGAZKIAK I.A.

IMANOL ARRATIBEL AMASA-VILLABONA.

Aurtengoak eman behar zuena eman du. 2017. urtean Antton Pebet memorialeko bi final ikusi ziren. Lehena, urtarrilaren 7an eta bigarrena, abenduaren 30ean. Horrela suertatu zen. Urte borobila izan zuen. Pilotalekua, goietaraino betea egon zen pilota gosez ziren pilotazaleekin; abendua izateko, eguraldi epela zen kantxan eta pilotariak lana egiteko irrikaz. Ez dago gehiago eskatzerik.

«Finaleko jaialdia, joko garbi elite mailako nagusien arteko partida ezin bikainago batek ireki zuen. Behar Zana elkarte antolatzaileak duen pilota eskolan, esku pilota eta palaz gain, egunerokotasunean lantzen duen pilota arloa da berau, eta gaurkoan, Euskal Herria osotik etorri diren pilotazaleei erakutsi nahi izan zaie.

Partida azkarra, polita eta maisutasunez beterikoa eskaini zuten Sistiague, Carricaburu, Driolet eta De Paredesek, Angeluko Ardhoytarrak pilota elkarteko kideek. Partida, lehen biek irabazi zuten 35-29ko emaitzaz, eta pilotari onenaren saria Sistiagueri eman zion. Baina emaitza, gutxienekoa izan zen, izan ere, begiak itxi gabe gozatzeko partida eskaini baitute», diote antolatzaileek.

Eta VI. Antton Pebet Memorialari dagokionez, txapelak Agiñara eta Asteasura joan ziren partida 22-11 irabazi ostean Arrieta eta Zezeagari. «Arangurenen bigarren txapela da Villabonako Behar Zanak antolatzen duen txapelketa honetan. Urbietak berriz, bere palmaresa gizendu du.

Pilotari onenaren saria Urbieta berari eman zaio, dena den, zalantza handiak izan dira laukoteko bikainena nor izan den erabakitzeko», azaltzen dute. Gainera «partida osoan zehar, Xabi Urbieta eta Aitor Aranguren gehiago izan dira. Arangurenek, Bergarako Zezeagaren pilota zartak ongi eusten zituen, baita askotan tantoa dominatu ere.

Urbietak, lagunaren joko ona probestu eta tanto bikainak egin ditu aurrean, gantxoz batez ere. Erasoan zein defentsan, oso ongi moldatu da. Arrieta hernaniarrak, tanto eder bakan batzuk egin dituen arren, ez du bere egun onena izan. Lau pilotariek duten klasea erakutsi dute eta beren dohainen isla pilotakada ederrak jo dituzte»,azaldu du Iñaki Lizaso Behar Zana pilota eskolako ordezkariak eta memorialaren antolatzaileak.

E. Maiz, omenaldia egin zioten

Partida amaitu ostean, omenaldi xumea egin zioten Eneko Maiz elkarteko pilotariari. Orain gutxi 22 urtez azpiko munduko txapelketan bigarren geratu da eta oroigarri bat eman zaio elkartearen izenean.

Jarraian, sariak banatu ziren. Trofeo eta txapelez gain, Urdaira, Zabala eta Aburuza sagardotegiek eskainitako sagardo kaxa bana eraman zuen pilotari bakoitzak. Gainera, Roscok eskainitako iberiar urdaiazpiko eta xolomoa izan zuten sari esku pilotariek. Eizmendi Kirol dendan xahutzeko diru-balearekin bale bana ere irabazi zuten eta diru sari garran-tzitsuak jaso Zituzten jaialdiko pilotari guztiek. Sariak ematen, Behar Zana elkarteko lehendakari Kiko Merino, Villabonako alkate Maite Izagirre, Oria merkatari elkartearen izenean Kali Labezain, Iñaki Otaegi Behar Zanako errebote arduraduna, Iñaki Lizaso Antton Pebet memorialeko antolatzaile eta Behar Zana pilota taldeko arduraduna eta Antton Pebet zenaren Jean Leon eta Angie gurasoak izan ziren. «Antolakun-tzak eskerrik handienak eman nahi izan dizkio beren laguntza era betara edo bestera eskaintzen duten babesle guztiei», dio Lizasok.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos