Urteko azken mendi irteera Amalur eta Ikastolarekin, igande honetan, Intxurrera

DV LAZKAO.

Amalur Mendi Elkarteak eta Ikastolak ikasturte honetan antolatutako hamargarren mendi irteera izango da igandekoa, urte honetako azkena, eta Intxurre mendira igoko dira oraingoan mendizaleak, Aldaban. Irteera Itzala taberna parean izango da 8:30ean, ohiko moduan, eta itzulera 13.30ak inguru. Joan nahi duenak amalur.me@gmail.com helbidera edo 688741546 telefono zenbakira (whatsapp) mezu bat bidali behar du izena emateko.

Aldaba auzotik abiatu eta Legorreta Zahar baserritik pasaz igoko dira ibilbideko gailurra izango den Intxurre mendira (743m); bertan, eskualdeari begirada bat botatzeko parada izango dute, behatoki aparta baita. Handik Berostegi auzora jetsiko dira ondoren, dena aldapa behera, ibilbidea amaitzeko. Hamaika kilometro eta erdiko ibilaldia izango da, lau ordu eta erdian egiten dena, gutxi gora behera, 'edozeinentzako modukoa' antolatzaileen esanetan.

Ipar eskia urtarrilean

Bestalde, Amalurrek eta ikastolak asteburu osoko irteera antolatu dute urtarrilaren 13/14erako. Somportera joango dira, ipar eskia egitera, eta Candanchuko aterpe batean pasako dute larunbateko gaua. Izena emateko epea gaur amaituko da. Informazio gehiagorako, amalur.me@gmail.com helbidera mezu bat bidali daiteke edo 688741546 telefono zenbakira deitu.

Azkenik, 2018 urterako mendizale txartela egin edo berritu nahi dutenek jada egin dezaketela gogorarazi nahi dute Amalurretik. Elkarteko bulegotik pasa daitezke abenduko eta urtarrileko astelehen eta asteazkenetan, 18:00etatik 20:30era.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos