Urte amaierarako bukatuko dira Seroretxeko lanak

Tabernaren sukaldea lehen barra eta jangela zeuden tokian jarriko da. /  ARGAZKIAK YARZA
Tabernaren sukaldea lehen barra eta jangela zeuden tokian jarriko da. / ARGAZKIAK YARZA

YARZA ALTZO.

Martxan daude Altzoko herriko taberna, turismo bulego eta interpretazio zentroa izango denaren lanak. Duela astebete hasi ziren eta abenduaren erdialderako ia amaituta egongo dira. Oraingoz lehen taberna zegoen zatia bakarrik berrituko da, nahiz eta gainerako lanak egiteko prest utziko den eraikina. Proiektuaren nondik norakoak datozen asteetan aurkeztuko zaie herritarrei herri batzar batean.

Lantzen ari diren proiektuaren arabera, lehen solairu horretan joango da taberna, baita turismo bulegoa eta interpretazio zentroa. Gunearen banaketa aldatuko den arren, oraingoz lehengo jantokia bere horretan geratuko da, baita komunak ere, hurrengo fase batean egiteko. Goiko solairuak ere guztiz hustuko dira eta etorkizunerako prest utziko dira.

Lehen fase honek 270.000 euroko aurrekontua du. Horietatik 200.000 Gipuzkoako Foru Aldundiak jarriko ditu eta Udalak gainerakoa. Eraberritze lanetara 162.000 euro bideratuko dira, interpretazio zentroa egokitzeko 18.000 euro inguru izango dira eta Altzoren inguruko ikus-entzunekoa prestatzeko 20.000 euro bideratuko dira. Lanak Otegi eraikuntzak enpresa egiten ari da. Udalak 204.000 eurotan erosi zuen Seroretxe eraikina joan zen urtean. Abenduaren erdialderako lanak bukatzea aurreikusita dago, ondoren barruko muntaketa lanak egingo dira, eta 2018 urte hasieran irekitzea espero dute.

Lehiaketa bidez

Taberna eta turismo bulegoaren ardura lehiaketa bidez esleitzea aurreikusten du udalak eta jada horretan lanean dirau. «Taberna hartzen duenak formazioa jasoko du informazio hori guztia eman dezan», azaltzen du Joseba Elduaien alkateak. Etorkizunean eraikinaren atzeko aldean jangela eta komun berriak egitea aurreikusita dago, baita terraza bat ere elizaren atariarekin elkartuko dena. Izan ere, altzealde horrek hegoaldera ematen du eta plaza leku haizetsua bada ere, atzeko aldea babestuago dago eta eguzkitsuagoa da. Honela, herriko tabernak jatetxe zerbitzua ere eskaini ahal izango du.

Gainera, interpretazio zentrorako materiala biltzen eta prestatzen hasi dira Migel Joakin Eleizegiren ingurukoa bereziki: David Azurzak eta Koldo Izagirrek egindako haurrentzako operako txotxongiloren bat, Handia filmeko materialen bat, beste gauza batzuen artean. Herriaren inguruko ikus-entzunekoa ere prestatzen ari dira Koldo Izagirre eta Eli Zapirain.

Fotos

Vídeos