Urriaren 27 eta 28an ospatuko da Zegaman aurtengo IV. Cava Festa

Cava Festaren laugarren edizioa ospatuko da aurten. /  E.A.
Cava Festaren laugarren edizioa ospatuko da aurten. / E.A.

Beste behin Zegama eta Sant Sadurní d'Anoiaren arteko senidetza nabarmendu zuten antolatzaileek

EDURNE ALBIZU ZEGAMA.

Asteartean, iluntzeko 19:15ean Zegamako Udaleko kulturako ziengotzia den Izaskun Igoak eta herriko elkarteetako ordezkariek aurkeztu zuten datorren urriaren 27 eta 28an Zegaman ospatuko den aurtengo IV. Cava Festaren egitaraua.

Dagoeneko 4. edizioa izango dela gogoraraziz, aurtengora aukeratutako caven izenak eman zituzten eta cava hauen lagungarri Zegamako pilotalekuan izango diren jakien berri ere bai. Bi egunetako xehetasunak eman ondoren, elkarteetako partaideek eta Udal ordezkariek, cava kopa bana dastatuz eman zioten bukeara prentsaurrekoari.

Prentsaurrekoan, Zegama eta Sant Sadurní d'Anoiaren arteko senidetzea eta erlazioa azpimarkatu ziren hori izanik Zegaman cava festa egitearen arrazoietako bat.

«Azken urteetan bezala, urriari bukaera emateko Zegamako elkarteek eta Zegamako Udalak elkarlanean Cava Festa antolatu dugu. Aurtengoan laugarren urtez antolatu dugun festa honek, beste urteetan bezala cava desberdinak eta kalitatezkoak ezagutzera emateko helburua dugu, herri ekimena eta goierritarron arteko giza erlazioak sendotzeaz gain», adierazi zuten udaletxean.

Zortzi cava dastatzeko aukera

«Zegamak, Sany Sadurní d'Anoiarekin duen senidetze erlazioa aprobetxatuz ospatzen hasi ginen orain lau urte festa hau. Aurtengoan bost etxe desberdinetako zortzi cava dastatzeko aukera izango dugu. Oliver Viticultors etxeko Oliver Viticultors Brut Nature eta Sadurní Oliver Reserva Barrica 2013 Brut Nature. Llopart etxeko Llopart Brut Nature Reserva eta Llopart Brut Rosé. Blancher etxeko Capdevilla Pujol Reserva Nature eta Gran Reserva Nature. Raventos etxeko Raventos i Blanc etxeko Blanc de Blancs. Eta aurten lehen aldiz Nafarroko Mendavia herrian egiten duten Mainegros etxeko Gran Suberbiola brut Nature», aurkeztu zuten.

Gainera, 27 eta 28an «etxe guztietako bertako adituak izango ditugu bertan, eta guztien artean zenbait tailer eskainiko dizkigute, hala nola, eskuzko deguelle bat nola egiten den azalduko digute, caven arteko desberdintasunez ohartzeko katatxo bat egingo dute, eta cavaren sorrerari buruzko historia ere azalduko digute».

Festa honetan parte hartzen dutenek «cava guzti hauek, bai botilaka eta baita kopaka erosteko aukera izango dute. Eta edariari lagun urtero bezala kalitate goreneko jakiak izango ditugu bertan erraziotan erosgai. Guztia tiket moduan ordaindu beharko da, hauek pilotalekuko sarreran hartu ahal izango direlarik bai ostiral eta baita larunbatean ere».

Zegamako elkarteen laguntzarekin antolatzen du Udalak festa hau. Hauek dira: Amezti elkartea, Tartalo Elkartea, Karraztarro ehiz elkartea, Orkatz abesbatza, Gazte Herexa, Jubilatuen elkartea, Elkartu Nahi txirrindulari elkartea eta Kasino elkartea.

Zegamara egun hauetan gerturatu nahi dutenek aukera izango dute. «Goierrian barna ohiko lineako autobus zerbitzuaz iluntzean Zegama aldera gerturatzeko aukera izango da, eta gaueko 00:00etan eta goizeko 01:55etan bueltan Beasainera bueltatzeko ere zerbitzua egongo da», esan zuten.

Fotos

Vídeos