Urepele elkartearen XVI. urteurrena gaur

LABAIEN BERASTEGI.

Urepele Elkarteak XVI. urteurrena ospatuko du gaur larunbata. Egunari hasiera emateko, elkarteari izena ematen dion Urepel mendira irteera egingo dute goizeko 8:30etan abiatuta. Eguerdiko 12:00etan herri poteoan bilduko dira gazteak eta ondoren herri bazkaria. Arratsaldeko 18:00etarako, bakarrizketa iragartzen da Mirari Martiaren eskutik. Iluntzeko 20:00etan luntxa izango da Urepele Elkartean. Eta eguna borobiltzeko, gauean, Gureran eta Trapallaren eskutik kontzertuak izango dira.

Urtezahar krosa

Urte zahar krosa da Urepele Elkarteak antolatzen duen ekintzetako bat, aurtengoan, XVI. aldiz egingo da bihar igandea. Aurten ere hiru sailetan banatuko dira korrikalariak adinaren arabera. Lehenengoak, txikienak izango dira parte hartzen, 2011tik aurrera jaiotakoak hain zuzen. Hauek 650m-ko ibilbidea egin beharko dute. Bigarren sailean, 2005etik 2010era jaiotakoek hartuko dute parte, hauek, 1,25km-ko bira egin beharko dute herrian zehar eta gutxi gora behera, arratsaldeko 18:15etan emango zaie irteera.

Azkenik, 2004a aurretik jaiotakoen txanda izango da, 4 bira eman beharko dizkiote ibilbideari, guztira 5km eginik. Hauek 18:30ak aldera abiatuko dira. Gizonezko helduetan, 15'37'' etan dago errekorra, eta emakumezkoetan, 20'44''. Denbora hau hobetzen duenarentzako urdaiazpiko bat egongo da.

Izena emateko azken eguna gaur larunbata izango da.

Urteberri egunean Ipuliñora

Aldin Elkarteak urte berri egunean Ipuliñoko tontorretik urte berriari ongi etorria emateko gonbidapena luzatu du. Goizeko 9:00etan abiatuko dira bihar Basurde Elkartearen aurretik eta behin gora iritxitakoan asmorik onenekin eta urte berriari ekarri lezakeen onena eskatuaz, topa egiteko moduan izango dira partehartzaileak.

Norbaitek bere kontura igo nahi badu bertara, goizeko 10:00ak aldera elkartu daiteke besteekin tontorrean.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos