Udazken Morea Lazkaon

Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna dela eta, egitarau bete betea antolatu dute, herriko hainbat eragilek, datozen egunetarako

DV LAZKAO.

Azaroaren 25ean emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna oroitzeko, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Lazkaon herriko bederatzi elkarte eta eragileek datozen egunetarako: Azki emakume elkartea, EH Bildu, Gazte Asanblada, Gerriko Kultur Elkartea, Ikasle Abertzaleak, San Benito ikastola, Maizpide Euskaltegi-Barnetegia, Oin Arin dantza taldea eta Lazkaoko Talogileak.

Hilabete osora zabaldu dute Udazken Morea izendatutako egitaraua eta pasa den asteazkenean, Miren Artetxe eta Nerea Ibarzabalekin Maizpiden ospatutako bertso afariak eman bazion hasiera, aste honetan Gerrikon izango den solasaldiak emango dio jarraipena. Bihar, asteazkena, hitzaldia eskainiko du Amelia Barquinek Gerriko Txokoan, 18:30etik aurrera, 'Euskara, generoa, jatorria eta klasea gurutzatzen diren lekua: eskola' izenburupean.

Azaroaren 21ean 'Laura esaten zioten'... edo emakumea, gatazkan, subjektu izateaz hitzaldia izango da Gerrikon, Miren Odriozola eta Leire Ibargurenekin; 24an helduentzako ipuin kontaketa (18:00etan) eta elkarteratzea (19:00etan) Lazkao Txiki Musika Eskolako musikaz eta ikastolako ikasleen hitzez lagunduta; eta 29an Emakume errepresaliatuak hitzaldia Gerrikon (18:30ean) Arantza Arruti, Araitz Zubimendi, Mertxe Galdos eta Olatz Dañobeitiaren eskutik.

Udazkenenko Liluratura saioa ere, emakumeenganako indarkeriaren aurkako egitarau honen barruan sartu dute oraingoan eta Iker Santxo lazkaotarraren laguntzaz egingo da, Gerrikon. Lazkaotarrak errusieratik euskarara itzulitako 'Gerrak ez du emakume aurpegirik' liburuaren inguruko solasaldia izango da txokoan, azaroaren 27an, arratsaldeko 18:30etik aurrera.

Amaitzeko, azaroaren 25ean 'Zapata Gorriak' ekimena burutuko da herriko plazan egun guztian zehar. Zapata margoketa, kuadro erakusketa eta eskulan tailerra egingo dira 11:00etan; gazteen mahaingurua 11:30etik 13:00era; eta ekitaldia eta giza kate morea trikitilariekin 13:00etan.

'Zapata gorriak' arte instalazio kolektibo eta publiko bat da, lehen aldiz Ciudad Juárezen egin zena, 2009an. «Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean kontzientzia hartzeko deiadar bat da», antola-tzaileek diotenez, «erail edo desagertzen ari diren emakumeei elkartasuna adierazteko modu bat» eta erreplika egingo da Lazkaon, azaroaren 25ean.

Gorriz margotutako zapatek osa-tzen dute artelana eta Lazkaokoa osatzeko, San Benito ikastolan eta Maizpiden egingo da oinetako bilketa 24a arte.

Fotos

Vídeos