Udan ere euskara ikasteko aukera zabala Lazkaon

Iaz Maizpidek antolaturiko ekitaldietako bat. /  ALARCIA
Iaz Maizpidek antolaturiko ekitaldietako bat. / ALARCIA

Euskara ikastaro trinkoak eskainiko ditu aurten ere udako hiru hilabeteetan Maizpidek, urtero moduan |

AINARA ALARCIA LAZKAO.

Lazkaoko Maizpide euskaltegi-barnetegiak prest du aurten ere udako eskaintza. Uztailan, abuztuan eta irailan, bina ikastaro trinko eskeiniko ditu, hamabost egunetako iraupena izango dutenak eta matrikula epea zabalik dago jadanik. Interesa duen orok euskaltegiko web orrian (www.maizpide.eus) aurkituko du bete beharreko matrikula orria eta informazioa.

Sei izango dira aurten ere udako ikastaro trinkoak: uztailaren 2tik uztailaren 13ra, uztailaren 16tik 27era, abuztuaren 6tik 17era, abuztuaren 20tik 31ra, irailaren 3etik 14ra eta irailaren 17etik 28ra. Maila guztietako euskalduntze ikastaroak izango dira, urrian HABEko A1, A2 edo B1 mailetako azterketak prestatu eta euskaltegian bertan egiteko edo B1, B2, C1 eta C2 mailetako edozein azterketa (HABE, IRALE, IVAP...) prestatzeko aukera ematen dutenak. Eskolak goizez eta arratsaldez emango dira, 9:00etatik 13:30etara eta 15:15etatik 19:30etara, eta barnetegiak hauez gain bertan bazkaltzeko edota lo egiteko aukera ere emango die ikasleei.

Hainbat kultur ekitaldi

Baina, euskarazko eskolez gain, uztailan abiatuko dira baita ere ikastaro hauek osotzen dituzten kultur ekitaldiak. Maizpidek antolatuta, udalaren laguntzarekin, astero izango da jardueraren bat Lazkaon -antzerkia, musika, zinema, hitzaldiak...- irailaren bukaera bitartean. Herritar guztiei zuzenduta, ez barnetegiko ikasleei bakarrik, herriko plazan izango da hitzordua uztailan eta abuztuan zein irailean euskaltegian bertan.

Uztailaren 4an Goierriko bertsolari gazteen saioak emango die hasiera kultur ekitaldi hauei. Maddi Aiestaran, Eneko Araiztegi, Ane Beloki, Aratz Igarzabal, Mikel Tapia eta German Urteaga izango dira bertsotan, herriko plazan, Eresti Oiarbideren gidaritzapean. 12an Guri 5 taldeak kontzertua esakiniko du plazan; 18an Tartean Teatroa antzerki taldeak Ez dok hiru lana taularatuko du, Arerian; eta ekainaren 26an triki bertso poteoa izango da herrian zehar. Maialen Akizu eta Mikel Tapia bertsolariak eta Iñaki Rezusta eta Aitor Sagama trikitilariak gonbidatu dituzte horretarako.

Abuztuan Koldo Ameztoi ipuin kontalaria izango da Maizpideko zineman, 8an; bertso-afaria Iban Urdangarin eta Iker Zubeldiarekin 16an, Maizpideko jangelan; Fernando Anbustegiren Pentsarazteko ipuinak antzerkia, 22an; eta Maddiren kontzertua, 29an.

Irailean aldiz, Starblues-en kontzertua Maizpideko zineman; bertso-afaria Anjel Mari Peñagarikano eta Julio Sotorekin Maizpideko jangelan, 12an; Rakugoa, Japoniako ipuinak, 19an, Maizpiden baita ere; eta Hasier Oleaga, Joseba Loinaz eta lagunak, Manuelene plazan, irailaren 27an.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos