Txorizoa, sardinak eta sagardoa gaur plazan

Ikuskizun bikaina eskaini zuten haur eta gaztetxoek playbackean.
Ikuskizun bikaina eskaini zuten haur eta gaztetxoek playbackean. / ARGAZKIAK A.G.

Gaueko 22:00etan Erramun Martikorenak eta Txintxarri abesbatzak kontzertua eskainiko dute Elizpe zineman

GOIKOETXEA ALEGIA.

Karmen bezpera ospatuko dute gaur Alegian, eta larunbata izanik, giro bikaina espero dute festa batzordeko kideek. Jende gehien bilduko duen hitzorduetako bat, dudarik gabe, eguerdiko sagardo dastaketa izango da, txorizo eta sardina erreekin. Irma Karrera eta Jokin Tolosaren trikiti doinuak izango dituzte lagun sagardo pixkat bat edan eta pintxoren bat harrapatzeko esperantzan plazara hurbiltzen direnek.

Eguneko beste hitzorduetako bat 15:00etan hasiko den Alegiako II. Goitibehera jaitsiera izango da, Napar-Etxeberritik behera, eta 18:00etan pilota jaialdia ospatuko da Elorri pilotalekuan. Hasteko, Alegiako Pilota Txapelketako finalak jokatuko dira: gazteen mailan Arandiak eta Elizegik Iriarteren eta Jauregiren aurka jokatuko dute; eta seniorretan, Peru Labaka eta Santxez Urbietaren eta Aizpuruaren aurka ariko dira. Jarraian profesionalen mailako neurketa izango da ikusgai: Iñaki Artola alegiarrak eta Urretabizkaia II.ak Victorren eta Erasunen kontra jokatuko dute.

Bestalde, gogora dezagun 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 18:30era haur parkea zabalik egongo dela eskolako jolastokian, eta 18:30ean apar festarekin emango diotela bukaera egunari.

Larraitz auzoan egingo den zahagi-ardoaren eta haren ostean Joxe Mendizabalek eskainiko duen dantzaldiaren ondoren, 22:00etan Erramun Martikorena eta Txintxarri abesbatza irtengo dira Elizpe zinemako agertokira. Herriko abesbatzak emango dio hasiera kontzertuari. Bernat Etxepareren izen bereko bertsoak oinarri dituen 'Kontrapas' kantu ezaguna eskainiko dute lehendabizi. Segidan, estiloz erabat aldatu eta Françoise Hardy abeslari frantsesaren 'Tous les garçons et les filles' abestuko dute. 'Maiteak galde egin zautan' doinu herrikoia, Xabier Leteren 'Nafarroa arragoa' eta Ken Zazpiren 'Itsasoa gara' etorriko dira jarraian. Emanaldiaren bigarren zatian Erramun Martikorenak bakarrik abestuko du Joxe Angel Elizalde akordeoi-jotzailearekin. Eta kontzertuaren amaieran abesabatzak eta Martikorenak lau abesti eskainiko dituzte elkarrekin: 'Herribera', 'Xalbadorren heriotzean', 'Gaztedi berria' eta 'Nerea izango zen'.

Emanaldia doan izango da, baina areto ingurura garaiz joatea komeni dela adierazi dute abesbatzatik, eserlekua ziurtatzeko txartela eskuratzeko.

Martikorenaren eta Txintxarri abesbatzaren emanaldiaren ostean Josu Rodriguez DJa ariko da plazan.

Dantzatzen duen herria

Atzo goizeko lehen ordutik kirola izan genuen protagonista. Dianarekin batera eman zitzaien hasiera jubilatuen mendi martxari eta gaztetxoen 3x3 saskibaloi txapelketari. Lehenengoek hamaiketakoa zuten zain menditik itzuli zirenerako, eta giro ederrean egon ziren kontu-kontari mokadutxoa jan bitartean. Umeek, berriz, 'Txapela buruan eta dantza munduan' ikuskizunarekin nekatu arte egin zuten dantza. Elkarrekin bazkaldu zuten plazan bertan eta, arratsaldean dantzan aritu ziren berriz ere, jaietako hitzordurik garrantzitsuenetako bat den playbacka ospatu baitzen.

Dantza gehiago ekarri zuen arratsaldeak adin guztietako herritarren parte-hartzearekin: zunba, soinketa eta spinning saioa izan zuten plazan izerdi pixka bat botatzeko.

Toka txapelketak eta 'Kolpez blai' perkushowak bete zuten afalordura bitarteko tartea, eta zubiko zahagi-ardoaren ostean gau luzeari heldu zioten alegiarrek. Hasteko: Mikel Artola, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga bertsotan aritu ziren Elizpe zineman zaleen gozamenerako; eta gauerdian Hesian eta Passepartout taldeek jendetza bildu zuten plazan.

Bulebarrean kontzertuak

Gazteek prestaturiko egitarauari errepasoa emanez, TPR, Desira eta Guri 5 talden kontzertuak dira gaurko hitzordu aipagarrienak. Gogora dezagun atzo festetako egun handia izan zutela gazteek herri bazkariarekin eta gaueko DJ sesioarekin.

Fotos

Vídeos