Txintxarri abesbatzak kontzertua eskainiko du larunbatean Dueñasen

Txintxarri eta Castilla Vieja abesbatzek iazko urrian Alegiako elizan eskainitako kontzertuko irudia. / GÓMEZ

Abesbatzen topaketa batean hartuko dute parte alegiarrek

GOIKOETXEA ALEGIA.

Iazko urrian izan zen Alegian Dueñasko Castilla Vieja abesbatza, eta palentziarrek gonbidatuta doa orain hara Txintxarri abesbatza, abesbatzen topaketa batean parte hartzera. Alegiarrekin eta palentziarrekin batera, Coruñako Laxe herriko Atalaia abestaldea ere bertan izango da. Larunbatean iluntzeko 20:45ean eskainiko duten kontzertuan sei obra eskainiko dituzte alegiarrek. 'Boga boga', 'Herribera' eta 'Kantauri' izango dira Dueñasen abestuko dituzten euskal doinuak. John Rutter musikagile britainiarraren 'I will sing with the spirit', Leonard Cohenen 'Hallelujah' eta Antonio Machado poeta sevillarraren 'Caminante no hay camino' poeman oinarrituta Joan Manuel Serratek sortutako 'Cantares' kantuekin osatuko dute emanaldia. Ohi bezala, Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean abestuko dute alegiarrek eta Mariaje Rekondok lagunduko die pianoarekin zenbait kantutan. Emanaldiaren amaieran Giuseppe Verdi musikagile italiarraren 'Nabucco' operako 'Va pensiero' abesti ezaguna eskainiko dute hiru abesbatzek elkarrekin.

Fotos

Vídeos