Txaber Altube abadiñotarrak irabazi du XLVII. Osinalde Saria

Bertsolariak pasa den asteburuan egin zen saioan. /  ARANTZAZU BAZTARRIKA
Bertsolariak pasa den asteburuan egin zen saioan. / ARANTZAZU BAZTARRIKA

Eli Pagolarentzat izan zen Gabiriako gazteek ematen duten bertso hoberenaren sarian

ARANTZAZU BAZTARRIKA GABIRIA.

Beste behin, Osinalde elkarteko bertsolari gazteen lehiaketak bertaraturiko guztiak liluraturik utzi zituen. 47. edizio honetan Zaldibia, Aztiria, eta Ordiziako kanporaketak gainditurik Euskal Herriko alde guztietatik etorrita Eli Pagola, Oier Etxeberria, Txaber Altube, Peru Abarrategi, Aitor Servier, eta Asier Galarza aritu ziren kantuan; seirak lehen aldiz bertsolari gazteentzako katedrala den elkarte honetan.

Gai jartzailea berriz aldi honetan Eñaut Asurabarrena izan zen, gertutasun, alaitasun eta goxotasuna transmitituz bertsolari eta ikuslegoari, gizartean puri-purian dauden gaiez gain 'light'agoak ere tartekatuz, lan paregabea eginaz.

Honela, jadanik tradizioa den menu ederra dastatu, kafea eta kopa hartu ostean, afaltiarrei ikusle gehiago gehitu eta Osinalde beterik zegoela hasi zen bertso saioa. Agurretatik, puntutan aritzera, binaka zein banaka ariketak eginaz, kartzelan denboralditxo bat igarota indartsu borrokatzera itzulita, algarak zein hausnarketak sustatuz aritu ziren bertsolariak.

Gauean aurrera egin ahala, bertsolariek lanak amaituta, eta Asier Galarzari bere urteurrena zela eta zorionak abestuta epaileen ebazpena jakiteko itxaronaldia trikitilariek girotu zuten, entzuleek gehien gustatu zitzaien bertsolaria hautatzen zuten bitartean, saldutako rifetatik saskia zein zenbakiri zegokion zozketa egin zen, laugarren saiakeran baliozko zenbaki bat irten zen arte: 647.

«Gabiriarrak kuriosoak»

Hala, seirek Baztarrika Gaztandegiko gazta bana jaso ostean sariak banatu ziren:

Gabiriako gazteek ematen duten bertso hoberenaren saria Eli Pagolarentzat izan zen, bota zuen lehenengo puntuaren erantzunarengatik, «koño, gabiriarrak kuriosoak zate» hasi eta «zu gaurko plan hontan sartuko al ziñeke» amaitzen zenagatik. Altzibar Lorazaintzak ematen zuen ikusleen saria eta bigarren postua Oier Etxeberriak irabazi zituen. Eta, 2018ko XLVII. edizio honetako garailea Txaber Altube 1998an jaiotako Abadiñotarra izan zen, «gero arte» batekin agurtu zena.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos