Turismoaren erronkari eutsiko dio Altzok

Joseba Elduaienek eta Denis Itxasok lankidetza hitzarmena sinatu zuten. /  YARZA
Joseba Elduaienek eta Denis Itxasok lankidetza hitzarmena sinatu zuten. / YARZA

Astelehenean hasi ziren lanak Seroretxen, bertan turismo bulegoa egingo da

YARZA ALTZO.

Altzoko Handiak azkenaldian sortu duen interesari herrian erantzuna emateko turismo bulegoa egingo da Seroretxen. Lanak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin egingo dira. Akordioaren aurkezpena atzo egin zen Denis Itxaso Kultura eta Turismoko diputatuarekin, Maite Cruzado Turismoko zuzendariarekin, Joseba Elduaien alkatearekin eta Miren Balerdi eta Lourdes Murua zinegotziekin.

Astelehenean hasi ziren lanak Seroretxen eta 2018 urte hasierarako prest egotea espero dute, Migel Joakin Eleizegiren jaiotzaren 200. urteurrena izango denean. Lanak bi fasetan egingo dira, proiektura bidera ditzaketen diru-laguntzen arabera. Lehenengo fase honetan turismo bulegoa eta harrera gunea egingo dira. Taberna-jatetxea ere edukiko du, herrian ez baitago honelako eskaintzarik bertan zegoen jatetxea itxi ondoren. Udalak aukera ikusita, urte hasieran eraikina erosi zuen, jada etorkizunerako proiektuetan pentsatuz.

udalak orain arte hainbat pausu eman ditu Altzoko Handiaren inguruko interesa bideratze aldera. Izan ere, azken urteetan hainbat ekimen egin dira, besteak beste, herrian bertan antolatu zen erakusketa eta David Azurzak eta Koldo Izagirrek haurrentzako idatzi zuten opera. «Aldi berean ezagutu genuen Moriartikoak filme bat egitearen inguruan zuten interesa», adierazi zuen Joseba Elduaien alkateak eta ondorioz herria turismo gune bezala sustatzeko proiektua eratzen hasi ziren. Udan Handiaren inguruko ibilbidea aurkeztu zuten, berak ezagututako leku deigarrienetatik pasatzen dena, Koldo Izagirre berak eta Juanba Berasategik prestatutako panelekin. Turismo bulegoaren bidez herrira gerturatzen diren bisitariek harrera ezin hobea izatea espero da, eta Altzoko ikusentzuneko bat ere egingo da horretarako. Aldundiak 200.000 euro jarriko ditu lehen fase hau aurrera eramateko.

Atzo estreinatu zen 'Handia' filmak herriarekiko interesa areagotzea eta bisitariak erakartzea aurreikusten dute. «Ikusi besterik ez dago azkenaldian estreinatu diren hainbat pelikulek izan duten eragina», aitortu zuen Denis Itxasok, eta Altzon gutxiago ez izatea espero dute. Honen bidez, turismoa Donostiatik eskualdera zabaltzea da ideia, «turistak ezin dira Donostian bakarrik geratu, eta esan behar diegu badagoela barnealde bat historiaz betea.

Altzon badago historia bat. Pelikula gaur estreinatu da, inoiz euskal zinemak eman duen proiekturik anbiziosoena da, eta pertsonaia Altzokoa da», oroitu zuen.

Fotos

Vídeos