XXI. mendea eta euskal literatura hizpide etxeko hiru idazleren ahotan

Hiru idazle gonbidatuak, Arantxa Iturbe kazetari eta idazlearekin batera, solasaldiko momentu batean. /  IÑIGO ROYO
Hiru idazle gonbidatuak, Arantxa Iturbe kazetari eta idazlearekin batera, solasaldiko momentu batean. / IÑIGO ROYO

Karlos Linazasoro, Joxemari Iturralde eta Garbiñe Ubeda solasean aritu dira Lizardi kultur elkartearen 50. urteurrenaren egitarauko azken egitasmoan

ELENE ARANDIA TOLOSA.

Euskal literaturaren uzta oparoan idazle tolosarrek duten eragina nabaria da. Lizardi kultur elkartearen berrogeita hamargarren urteurreneko azken ekitaldian, 'Euskal literatura XXI. mendean' mahainguruaz gozatzeko tenorea izan dute tolosarrek orain gutxi kultur etxeko areto nagusian. Karlos Linazasoro eta Joxemari Iturralde idazle tolosarrak eta Garbiñe Ubeda idazle ibartarra gonbidatu zituzten, eta helburua egungo mendeko literaturaren erradiografia egitea izan zen. Zenbaitetan, puntu librean eta beste batzuetan, berriz, gaia emanda, ugari izan ziren bertan ateratako ondorioak.

Ez zen kasualitatea izan mahaia eurek osatu izana. Arantxa Iturbe moderatzaile lanetan, argi azaldu zuen lerroburuan herri gutxik erakutsi dezakeela Tolosak hainbateko idazle-zerrenda, baita modu berean «aktibo» eta «bizirik» mantendu ohi diren idazle oparoak ere.

Solasaldia teknologia berriek egindako ekarpenen inguruan hasi zen: Ubedaren kasuan, bat-batekotasuna, etengabe konektatua egon behar izatea, modaren apologia, eta teknologiarik gabe bizi-ezina ekarri ditu, eta literaturak «ur handi» horietan ere mugitu behar du.

Iturralderen aburuz, berriz, euskal literaturaz hitz egiten zen orain berrogei urte, baina egun ere bai, «eta hori albiste ona da», gehitu zuen. Baina, gaur, lehen ez bezala, «zailtasuna gazte jendea erakartzean dago».

Karlos Linazasorok 30 urte daramatza liburuzain-lanetan, eta 25 urte, bestetik, idazten. Bide horretan uste du etorkizunera begira euskal literaturak aurrera egingo duela orain arte gisara, «Internetek aurretik eramaten ez duen bitartean».

Linazasorok aipatu bezala, udal liburutegian mailegatzen diren ehun liburutik hamar dira soilik euskaraz. Euskararen egoera eta irakurketa, ordea, hobetu egin direla gaineratu zuen Iturraldek, adieraziz egun garai batean baino gehiago irakurtzen dela euskaraz, nahiz eta kopuru txikietan mugitzen den. Bide horretan, liburutegiek, komunikabideek eta kultur etxeek hizkuntza indartu, eta, batez ere, «zaletasuna txertatu» beharko luketeela hausnartu zuen idazleak. «Dinamizazio-lana falta da -dio idazleak-, baina baita gure artean ere. Garrantzitsua da gure inguruan ere zaletasuna transmititzea».

Ibartarrak susmoa du gizarteak ez ote duen literatura soilik liburu formatuarekin lotzen. «Askeagoa izan behar luke», eta «beharrezkoa da euskarak kalea berreskuratzea, eskolarekin lotu izan baitugu», gaineratu zuen Garbiñe Ubedak.

Gonbidatuak bat etorri ziren ondoko ideiarekin; alegia, euskarak literaturak askotariko zama eraman duela soinean «zailtasunari», «asperraldiari» edota «euskararen zaletasunari» lotua, hein handi batean. «Eskaintza eta aukera, ordea, zabala da, baina irakurleak ez du behar adina interesa erakutsi», zioen Iturraldek. Linazasorok euskal idazleek euskal literarioa sortzeko egindako ahalegina nabarmendu zuen, eta Ubedak, berriz, egungo egoera «prestigioarekin» ere lotu zuen: «hizkun-tzaren egoerarekin, hizkuntzari prestigioa eman behar zaio».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos