Laskorain Ikastola, 50. urteurrena abian

Atzo arratsaldeko inaugurazio-ekitaldiko irudia; Udaberri Dantza Taldeak eta LASK abesbatzak hartu zuten parte. /  IÑIGO ROYO
Atzo arratsaldeko inaugurazio-ekitaldiko irudia; Udaberri Dantza Taldeak eta LASK abesbatzak hartu zuten parte. / IÑIGO ROYO

Ikastolak atzo arratsaldean egin zuen Sakramentinoetako eraikin berriaren inaugurazio-ekitaldi ofiziala'Hazi, Hezi, Bizi!' lelopean ekin dio Laskorainek urrezko ezteien ospakizunen ikasturteari

ELENE ARANDIA TOLOSA.

«Gauza asko dira berrogeita hamar». Tolosako euskararen historian giltzarria izan da, eta irmo jarraitzen du oinarriarekin: atzo, 50 urte bete ziren Laskorain Ikastola sortu zutenetik.

'Hazi, Hezi, Bizi!' lelopean ekin dio Laskorainek 2017-18 ikasurteari, eta urteurrenaren harira antolatutako ekintzen egutegian, atzoko eguna balio sinboliko handikoa izan zen. Duela berrogeita hamar urteko urriaren 4an zabaldu zituen ateak lehen aldiz Zumalakarregi pasealekuan, ibai ertzean kokatu ohi zen txaletean. 1967. urtean, ikasturtea zazpi ikaslerekin hasi zuen, eta laurogeirekin amaitu. Bi urteren buruan, berriz, ikastola Sakramentinoen eraikinera lekualdatu zen, eta, ondoren, Usabal auzora hedatu.

Urriaren 4rekin batera, atzo hasi ziren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldiak. Egun, ikastola osatzen duten 1.650 ikaslek giza katea egin zuten goizean antzinako eraikina eta egungo bi ikastetxeak ibai ertzetik inguratuz.

Arratsaldean, berriz, Sakramentinoen eraikin historiko berriaren inaugurazio-ekitaldi instituzionala egin zuten. Gaur egun, eraikin honetan kokatzen dira Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailak. Bertan izan ziren irakasle, irakasle ohi, ikasle, guraso eta hainbat ordezkari, baita Begoña Arrate eta Jose Manuel Atxaga ere, ikastolako lehen irakaslea eta lehen sortzailea.

«Emozioz hazi eta hezi» diren istorio luze honetan, garai berri baten atarian kokatzen da orain ikastola. «Ikasturtea hasi besterik ez dugu egin, baina urteurrenaren orain arteko balorazioa oso positiboa da, eraldaketa pedagogikoaz gainera, hamaika hilabetetan arkitektonikoki ere ikastetxe nagusia izan dena berritu eta ireki dugulako», dio Kepa Goikoetxea zuzendariak.

Eraikina ez ezik, ikastolako eremua ere eraldatu dute, eta jolastokia ikasleen aniztasunera egokitu dute, ikasle, irakasle, guraso, ingeniari eta arkitektoez osatutako batzorde eta prozesu parte-hartzailearen bitartez. «Oraindik azken lan batzuk egin behar ditugu, hornitzea falta da. Jolastokiak lehen behar bati bakarrik erantzuten zion, orain erabilera ezberdinetako gunea izango da, aniztasun adimen anitzak asetu ditzakeen gunea izango da», zehaztu du Bea Ezeiza psikopegagoga eta Lehen Hezkuntzako ikasketaburuak.

«Aldaketa pedagogikoaren parte izan da eraldaketa arkitektonikoa ere; materiala, espazioa eta altzariak baldintza garrantzitsu izan dira eta pedagogiaren menpe jarri behar izan ditugu. Barruko eremuaz gainera, kanpokoa ere aurrera eraman nahi den eredu pedagogiko berriarri erantzuteko eraldatu da», gaineratu du Goikoetxeak.

Ekitaldi gehiago

Egitarauak jarraipena izango du urtean zehar; ostiralean, 'Artxipielagoa' ekitaldian parte hartu ondoren, urriaren 28an ikuskizun ibiltaria egingo dute Tolosako kaleetan zehar lau kale-antzerki saio eta jaialdiarekin, eta azaroaren 4an, ikasle ohiek afaria egingo dute Zerkausian.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos