Galtzaundik ahozko sormen tailerra eskainiko du datorren ikasturtean

Gazteei zuzendutako egitasmoa da, kultur sorkuntzan lehen pausoak eman ditzaten

DV TOLOSA.

Gipuzkoako Bertsozale Elkartearekin batera, Galtzaundi Euskara Taldeak Ahozko Sormen Tailerra jarriko du martxan 2017-2018 ikasturtean.

Antolatzaileek euskarazko kultur sorkuntzan eragin nahi dute, «Tolosaldean ahozko euskal kulturaren tradizioaren transmisio osoagoa gauzatuz». Horretaz gainera, kultur sorkuntzan lehen pausoak emateko aukera luzatu nahi diete Tolosaldeko 12 eta 18 urte bitarteko ikasleei, DBH eta Batxilergoa ikasten duten gazteei, alegia.

Egitasmoa 2017-2018 ikasturtean jarriko dute martxan; hain zuzen, urrian, eta astean ordubeteko saioa egingo dute Tolosan maiatzera bitartera.

Sormen eskolako edukiak bost multzotan banatuko dira, eta arlo bakoitzeko adituek ikasturte osoko egitaraua prestatuko dute an-tzerkia, bertsolaritza, kantagintza, dantza eta ipuin kontalaritza oinarri hartuta.

Egitasmoaren helburu nagusia da ikasle guztiek diziplina ezberdinak probatu, eta etorkizunean, horietako batean espezializatzeko aukera luzatzea. Era berean, haur eta nerabeen hizkuntza gaitasunean eragin eta hobetu nahi dute.

Aurrematrikula martxan da dagoeneko, eta izena eman nahi duen orok uztailaren 21era arte egin ahal izango dute. Matrikulazioa, berriz, irailean egingo da. Izena emateko, beharrezkoa da www.galtzaundi.eus webgunean aurkitu daitekeen inprimakia betetzea. Aurrematrikula Galtzaundi Euskara Taldearen bulegoan ere egin daiteke.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos