Diario Vasco

Bertatik bertara ezagutu ditu Aldundiak herriko partaidetza prozesuak

Artxiboko argazkian, Tolosatzen prozesuaren aurkezpena.
Artxiboko argazkian, Tolosatzen prozesuaren aurkezpena. / ROYO
  • Amaitzear eta onartzear den Tolosatzen prozesuaren inguruko xehetasunak jaso dituzte, besteak beste, Aldundiko ordezkariek

Gipuzkoako Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzarako foru zuzendari Joseba Muxikak eta alor bereko teknikari Joxe Piñasek bertatik bertara ezagutu dituzte Tolosako Udala sustatzen ari den partaidetza prozesuak, Olatz Peon alkatearekin, Joseba Ormazabal Herritarrekiko harremanak, partaidetza eta informazioaren gizartea sailaren zinegotziarekin eta Garikoitz Lekuona eta Iñigo Muñoz udaleko partaidetza-arduradunekin izan dituzten bileretan.

Tolosa Udalak azaldu duenez, «esperientziak ezagutu eta harreman zuzenak sortzeko helburuarekin antolatu da bilera, erakundeen arteko elkarreragina ardatz izanik». Horreterako, Tolosatzen proiektuaren eta Amarotzeko parte-hartze prozesuaren inguruko xehetasun guztiak mahaigaineratu dituzte eta «proiektu berritzaile bezain aberasgarri» gisa katalogatu du foru zuzendariak Tolosatzen prozesua.

Hamar urterako plan estrategikoa finkatzea helburu duen prozesu hori, hain zuzen, amaitzear da. 2016ko azaroan burututako bi bileretan, datozen 10 urteei begirako plangintza estrategikoa eta 2017 urteko aurrekontuetan islada izan duten lehen ekintza-zerrenda proposatu zuten herritarrek. Aurten Tolosatzeneko 40 proiektutik gora gauzatuko dira 400.000 euro baino gehiagoko aurrekontuarekin. 10 urteei begirakoari dagokionean, bigarren hiruhilekoan Udalbatzak Plangintza Estrategikoa onartuko du. Hortik aurrera, urtez urte eta alorrez alor onartutako ekintzen jarraipena egitea, betetze mailaren ebaluazioa eta hurrengo urteei begirako ekintzak zehaztea izango da Tolosatzen proiektuko kideen lana.

Aldundiaren etorkizuneko erronkak eta lan ildoak transmititu dizkie udal ordezkariei Joseba Muxikak, eta gaineratu du Tolosako Udalaren egungo plangintzarekin bateragarriak eta haren osagarriak direla. Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurralde Historikoko Herritarren partaidetzarako erakunde arteko espazio bat sortzeari buruzko Foru Dekretua onartu du berriki eta bertan parte hartzeko gonbidapena luzatu dio Tolosako Udalari. Zentzu horretan, udalerri ezberdinen arteko elkarreragina sustatzeko duen nahia azaleratu du Foru erakundeak. Joseba Ormazabal zinegotziak azpimarratu bezala «herritarrak udalgintzaren ardatz bilakatu daitezen eta elkarlana ohiko lan eredu bilakatu dadin. Horretan ari gara lanean».

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate