Tobera Musika-eskolako ikasleen lana jendaurrera

Segurako, Zegamako eta Mutiloako 40 ikaslek emanaldia egin zuten aurreko ostegunean Zerainen. /
Segurako, Zegamako eta Mutiloako 40 ikaslek emanaldia egin zuten aurreko ostegunean Zerainen.

22an jai egingo du Toberak, baina desfileak, kalejirak eta kontzertuak izango dituzte aurretik nahiz ondoren zaindariaren omenez

DV GOIERRI.

1.800 urte luze igaro dira Zezilia bizi zeneko garaitik, baina ez da bere sona itzali. Itzaltzetik urrun, gehien goraipatutako santuetakoa izango da. Musikarien zaindari izendatuta, saldoka dira urtero azaroaren 22aren bueltan musika kalera ateratzen duten musikariak, hari gorazarre egiteko. Tobera Musika-eskolako ikasleek ere erritua beteko dute, eta Seguran kalejira eginda eta kontzertua emanda gogoratuko dute patroia. Zaindariaren egunaren biharamunean izango da hori, baina, honezkero, hasiak dira ospakizunetan. Aurreko ostegunean kalejira eta dantza-saioa eskaini zituzten Zerainen. Txistulariek eta trikitilariek kale-buelta egin zuten herrian zehar, tartean hainbat herritar zituztela, eta musika-eskolako 2 dantza-taldetako ia 30 ikasle gaztetxok euskal dantzen erakustaldia egin zuten plazan gero. Jai-kutsua hartu zuen Zerainek. Elizako arkupeetan merienda eginda bukatu zuten jaialdia.

Ekintza nagusia datorren ostegunean izango da ordea, hilaren 23an. Seguran tokatzen zaie ospatzea aurten Santa Zezilia. Arratsaldeko 18:15ean Segurako plazatik Aldundiaren Aterpetxerainoko kalejira egingo dute Toberako trikitiko, panderoko eta perkusioko hainbat ikaslek. 18:30ean ordu eta erdiko musika-jaialdia hasiko da. Aipagarri diren pare bat sorpresa behintzat izango ditu kontzertuak: batetik, ikasturte honetan helduek osatutako talde berri batek estreinako emanaldia egingo du; rock klasikoaren errepertorioko 3 pieza eskainiko dituzte. Bestetik, 25 ikaslek osatutako talde zabal batek Iker Zubeldia bertsolari zegamarrak Tobera Musika-eskolarako propio idatzitako bertso batzuk abestuko ditu, instrumentuak jotzearekin batera. Ikasleentzako doako autobus-zerbitzua jarriko du egun horretan Toberak Zegama eta Segura artean. Gainerakoan, ohi bezala, kontzertura sartzeagatik ez da ordaindu beharrik izango, eta edonor joan liteke entzutera.

Zegamako Kabalgata

Bestalde, Zegamako Erregeen Kabalgata antolatuko du urtero bezala Tobera Musika-eskolak. Hainbat laguntzaile behar dituzte horretarako. Orain 17 boluntarioren bila dabiltza, zeregin jakinetarako. Zegamako Aitxuri herri-eskolako sarreran jarri dute informazio zehatza. Laguntzaile izateko prest daudenek abenduaren 5erako eman behar dute izena, hantxe bertan dauden zerrendak horretarako erabilita.

Musika Laborategia

Azkenik, urtarrilak berrikuntzak ekarriko ditu Toberaren eskaintzara. Musika-tailerrak emango dira 0-3 urteko umeentzat eta beren familientzat. Musikaren esperimentazio-saioak ere egongo dira 4-7 eta 8-12 urtekoentzat. Edonori irekitako saioak izango dira, noski, baita musika-eskolan ez dabiltzanentzat ere. Abenduan zabalduko du horren inguruko informazioa musika-eskolak. Santa Zeziliaren itzala gaur arte hedatu da, eta katea etengo ez den itxura du.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos