Tobera Musika-eskola motorrak berotzen 2017/2018 ikasturterako

Iazko San Bartolome eguneko prozesioan parte hartu zuten Toberaekok.
Iazko San Bartolome eguneko prozesioan parte hartu zuten Toberaekok.

Hilaren 24an goiz beteko lana izango dute eskolako txistuko eta euskal dantzatako ikasleek, Zegaman; ikasturtea irailaren 6an hasiko dute

DV ZEGAMA-SEGURA.

San Bartolome zaindariaren egunean, Zegamako jaietan, Tobera Musika-eskolako dantzariak eta txistulariak protagonista izango dira beste urte batez. Izan ere, dantza-saioa eskainiko dute abuztuaren 24an, Zegamako udaletxearen aurrealdeko plazan. Tobera Musika-eskolako ikasleek hala egiten duten 16. urtea izango da aurtengoa.

Emanaldia eguerdiko ordu batak eta erdi aldera hasiko da. Aurretik, agintarien soka-dantza egingo da, eta horretan ere Tobera Musika-eskolako ikasle ohiak izango dira udaleko zinegotziekin batera jardungo direnak. Azken kasu honetan, laugarren aldia izango da hala egiten dena. Abuztuaren 22an entsegu orokorra egingo dute guztiek, txistulariekin batera.

Dantza-ikasleen zeregina ez da soka-dantzara eta dantza-erakustaldira mugatuko abuztuaren 24an. Horrez gain, Ilargi taldeko ikasleek 10:45erako Anduetzako ermitan egon beharko dute arkua eta kalejira egiteko, dantzari jantzita. Uztailaren 9an ere, Zegamako jubilatuen egunean hartu zuten parte ikasle horiek berek.

Txistu-ikasleak atzerrian

Behin baino gehiagotan hartu dute kanporako bidea azkenaldian Toberako txistu-ikasleek. 2015eko uztailean, Galizian izan ziren zenbait txistu-ikasle gazte Urretxuko Lurra Dantza-taldekoekin batera, nazioarteko folklore-jaialdi batean. Iazko irailean eta abenduan Portugalen izan ziren Idiazabalgo beste musikari eta dantzari batzuekin batera. Oraingoan Frantziako Aveyron eskualdeko Rodez hirira joan dira abuztuaren 7tik 14ra bitartean, Oinkari dantza-taldearekin batera. Han ospatutako nazioarteko folklore-jaialdi batean egin dute euskal kulturaren erakustaldia.

Ikasturte berria, hastear

2017/2018 ikasturteari irailaren 6an ekingo zaio, asteazkena. Bezperan, irailaren 5ean, ordutegi-banaketa egingo diete irakasleek aurrez aurre musika-tresnatako ikasleei. 17:30ean instrumentuan matrikulatutako Zegamako ikasle guztiek Zegamako Aitxuri Herri-eskolara agertu beharko dute, eta 19:00etan Segurako kultura-etxe berrira Segurakoek, Mutiloakoek eta Zeraingoek. Hala, ikasleek irakaslearekin batera adostuko dute, ahal den neurrian, ikasturteko bakarkako eskolen ordutegia.

Irailaren hasieran, gainera, Zegamako Aitxuriko sarreran eta Segurako kultura-etxe berriko kanpoaldean jarriko dira taldekako irakasgaien ordutegiak (musika-hizkuntzakoak eta euskal dantzatakoak). Instrumentu-taldeen asteroko eskola-ordutegiak, berriz, aurrerago zehaztuko dira talde bakoitzeko ikasle-partaideekin. Hastear den ikasturte honetan, berrikuntza modura, musikako saioak eskainiko ditu Toberak 0-3 urte bitarteko umeak dituzten haurrentzat eta beren gurasoentzat, eta bestelako saioak ere emango dira zahartxoagoentzat ere, musikarekin modu ludikoan esperimentatzeko asmoz.

Tobera Musika-eskolan izena ematea herriaren alde egitea da. Eta hala ulertu dute datorren ikasturtean musika-eskolan arituko diren 170 lagunek.

Ordutegiak eta taldekatzeak ezagutu ondoren, inork baja eman nahiko balio maiatzean egindako matrikulari -musika-hizkuntzan, dantzan, instrumentuan edota taldeetan-, bi egun izango ditu aukeran horretarako: irailaren 20a eta 21a, asteazkena eta osteguna, hurrenez hurren. Zegamako edo Segurako Kultura-etxeetara joan beharra dago horretarako, arratsaldeko 7etatik 8etara bitartean.

Fotos

Vídeos