Teodoro Hernandorena XVI. Ipuin lehiaketa abian da

Hilaren 20ra arteko epea egongo da ipuinak aurkezteko

I.A. ZIZURKIL.

Hilaren 20era bitartean egongo da ipuin lehiaketan parte hartzeko aukera. Idazteko zaletasuna bultzatzeko asmoz, euskara sailak hamabost urtez antolatu du bere herritar kuttunaren izena daraman literatura lehiaketa. Bertan parte hartu ahal izango dute Andoain, Aduna, Alkiza, Asteasu, Amasa-Villabona, Anoeta, Irura, Larraul eta Zizurkilgo herritarrek. Adinaren arabera, bost mailatan banatuko dira parte-hartzaileak: A maila: 6 eta 8 urte bitartekoa, B maila: 9 eta 11 urte bitartekoa, C maila: 12 eta 13 urte bitartekoa, D maila: hamalau eta 16 urte bitartekoa eta azkenik E maila: 17 urtetik gorakoentzat.

Ipuinen gaia librea izango da, eta euskaraz idatzi beharko dira. Lanen luzerari dagokionez, hauek dira bete beharreko baldintzak: A maila: orrialde 1, B maila: 2 orrialde, C maila: gutxienez 2 eta gehienez 4 orrialde, D maila: gutxienez 3 eta gehienez 8 orrialde eta E maila: gutxienez 5 eta gehienez 12 orrialde. DIN A-4 neurrian aurkeztu behar dira, makinaz edo ordenagailuz idatzita.

Lan bakoitzaren hiru kopia entregatu beharko dira, azaroaren 20ko 14:00ak baino lehen Zizurkilgo Udal Bulegoetan. Izenburuaren alboan, egilearen izengoitia eta adina jarri behar dira, egilearen nortasuna gordetzeko. Lanekin batera, gutun-azal itxi bat aurkeztuko da, eta bertan jarriko dira egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta adina.

Fotos

Vídeos