Tailerrak eta ospakizunak Irurako Euskararen Astean

Eguzki Goxo abesbatzeko kideak ere han izan ziren. /  NÚÑEZ
Eguzki Goxo abesbatzeko kideak ere han izan ziren. / NÚÑEZ

NÚÑEZ IRURA.

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da eta horren inguruan Irurako Udalak Euskararen Astea antolatu du, hainbat ekitaldirekin, Galtzaundi Euskara Elkartearekin eta Uemarekin elkarlanean, «euskara euskaldun guztiok dugun altxor preziatuena delako», Ana Leunda alkateak adierazi zuenez.

Leundarekin batera Marta Castrillo Euskara zinegotziak eta Idoia Olano euskara teknikariak aurkeztu zuten prestatutako egitaraua. Datorren asteartean, azaroaren 28an, 'Ispiluari begira' tailerra eskainiko dute Uemako kideek arratsaldeko 17:30etik aurrera. «Haur eta guraso euskaldunei zuzendua egongo da eta euskaldunon hizkuntza ohiturak aztertuko dituzte. Lehenengo haurrekin arituko dira eta ondoren egindakoa gurasoei aurkeztuko diete», azaldu zuen Olanok.

Gainera, abenduaren 3an bertan, igandearekin, 'Tolosaldean euskarak 365 egun' ekimena egingo dute Galtzaundi euskara elkarteko kideek, goizeko 11:30ean, eta astelehenean, abenduaren 4an, Ikastolako ikasle eta irakasleek Euskararen Eguna ospatuko dute.

Goizean ikastolan arituko dira eta bazkalondoren, arratsaldeko 15:15a aldera, kalejira egingo dute San Migel plazaraino. Bertan Udaleko eta Ikastolako ordezkariek manifestua irakurriko dute eta ondoren ikasleek azken asteetan prestatutako emanaldia eskainiko dute, kanta eta dantza eginez. Ohitura den bezala, gaztaina jatearekin amaituko dute eguna.

Euskararen egoera ona

Euskararen eguneko ekitaldiak aurkeztearekin batera, jaso berri dituzten euskararen egoerari buruzko datuak aurkeztu zituzten. Ziotenez «oso gustura gaude emaitzarekin, kalean jasotako elkarrizketen ehuneko %78,1a izan baita euskaraz. Irurako euskararen indizetik, ehuneko 81,3a dena, oso gertu dago. Indizea euskaldun osoen datuari erdi-euskaldunen datuaren erdia gehitzen lortzen da», adierazi zuen Olanok.

Lehenengoz egin dute kale-erabileraren neurketa, aurrekoan parkeetan bakarrik egin zutelako, eta horrenbestez ezin dute bilakaera aztertu, baina emaitzarekin gustura agertu ziren.

Gaztaina jatea Eguzki txokon

Irurako Zaharren Biltokiko kideak ohitura den bezala gaztaina jatea izan zuten Eguzki Txokon. Bazkide ugari baita Eguzki-goxo abesbatzako kideak gerturatu ziren bertara gaztaina erreak dastatzera.

Kontzentrazioa gaur plazan

Gaur, azaroaren 25ean, emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna ospatzen da. Hori dela eta, gaur eguerdian kontzentrazioa egingo da San Migel plazan, udaletxe aurrean.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos