Sutarri dantza taldean datorren ikasturterako izena emateko epea zabalik

GOIKOETXEA ALEGIA.

Sutarri dantza taldeak 2018-2019 ikasturterako izena emateko epea zabaldu du. Bost urtetik gorako orori zuzendutako deialdia da eta izena emateko azken eguna hilaren 22a, ostirala, izango da. Horretarako bi bide eskaintzen ditu dantza taldeak. Batetik, kultur etxera joan eta bertan eman daiteke izena eta bestetik, whatsapp bidez ere eman daiteke, 616 64 84 13 zenbakira mezu bat bidalita. Mezu horretan, izen-abizenak, adina eta harremanetarako telefono bat bidaltzea eska-tzen da.

Urteroko batzarra

Alegiako Jubilatuen elkarteak urtero egiten duen batzarra egingo du datorren ekainaren 16an, larunbata. Jubilatuen egoitzan egingo da 11:30ean hasita eta lehenik 2017ko kontuen balantzearen berri emango dute. Ondoren, urte horretan egindako ekintzen errepasoa egingo da eta azkenik galdera eta eskaeren txanda izango da. Bazkideei, ahal duten neurrian, batzarrera hurbiltzeko deialdia egin zaie eta amaieran hamaiketakoa eskainiko da.

Mendi irteera

Alegiako Mendi Asanbladak urtero egiten duen asteburuko irteera antolatu du ekainaren 30erako eta uztailaren 1erako. Nafarroa alderako bidea hartuko dute aurten eta Arantzara joango dira. Ekainaren 30ean, larunbata, abiatuko dira. Egun horretan Leurtzako urtegia eta San Juan Xar basoa ezagutzeko aukera izango dute. Arantzako aterpean gaua pasa eta igandean Zepuru mendira joango dira. Igande arratsaldean itzuliko dira. Helduek 31 euro ordaindu beharko dute eta haurrek 28 euro. Larunbateko afaria, loa eta igandeko gosaria biltzen dira prezio horretan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos