Saseta defentsa sistema aztertzen dihardute Zarateko magalean

Lubakiaren ondoan aztarnak aurkitzeko kata bat.

Aranzadi Zientzia Elkarteak laugarren urtez antolatu du auzolandegia Zizurkilgo, Adunako, Asteasuko eta Larraulgo Udalekin batera

NÚÑEZ TOLOSALDEA.

Laugarren urtez antolatu du Aranzadi Zientzia Elkarteak, Zizurkilgo, Adunako, Asteasuko eta Larraulgo Udalekin batera 1936ko abuztuan eta irailean hiru herrietako mendietan ezarri zen Saseta defentsa sistema aztertzeko eta memoria historikoa berreskura-tzeko auzolandegia, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Bi astez 17 gazte aritu dira Zarate mendiaren magaleko lubakietan lanean eta atzo aurkeztu zituzten lortutako emai-tzak. Bertan izan ziren egindako lana ezagutzen Maribel Vaquero Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia, Maite Amenabar Zizurkilgo alkateordea, Pili Legarra Asteasuko alkatea, Josu Amilibia Adunako alkatea, Ander Leon Larraulgo zinegotzia eta Javi Buces Aranzadi Zientzia Elkarteko historialariak.

Aurten material gutxiago atera da Julien Blanco arkeologoak azaldu zuenez, izan ere, duela bi urte 88 bala-zorro aurkitu ziren eta aurten zortziren bat. Aldiz, dokumentazio lan gehiago egin dute, «gazteek metodologia arkeologikoa ikas dezaten, aztarna bakoitzaren dokumentazioa, marrazkiak eta argazkiak eginez», azaldu zuten.

Bala-zorroez gain, obus zati bat ere aurkitu da, «bertan izan zen gatazka gogorren erakusle». Bala zorro gehienak XIX. mendeko fusilenak dira, karlistadetan erabilitakoak, eta arkeologoaren ustez, baserrietatik berreskuratu ziren besterik ez zegoelako, «jendea prestaketarik gabe, ekipamendurik gabe igo zen. Baserrian gordeta zuten fusil bat izan liteke, hona igotzeko atera zutena».

Lehen aldiz elebiduna izan da auzolandegia eta horregatik Espainiako hainbat probintzietatik etorri dira gazteak. Andaluzia, Katalunia, Madril edota Asturiasko gazteak aritu dira lanean, baita Bergarako eta Villabonakoak ere. Gehienak historia edo arkeologia ikasketak egiten ari diren edota egingo dituztenak dira. Manex Arrastoa Aranzadiko koordinatzailearen esanetan «eskertzekoa da beraiek etorri izana, gu hemengoak gara eta baloratzen dugu oroimen historikoan berreskuraketa honetan jendearen interesa ikustea».

Bi aste hauetan, indusketa lanak egiteaz gain gazteek hainbat memoria gune ezagutu dituzte, besteak beste Elgetako memoria historikoaren museoa eta Intxortatik ibilbide tematikoa, Sartagudako memoria parkea, Ezkabako Gotorlekua, eta abar. Gainera, Zizurkil, Aduna, Asteasu eta Larraulen Aranzadiko adituek hitzaldiak eskaini dituzte aztarnategiko lanak bere testuinguruan kokatzeko.

Fotos

Vídeos