Saharako auziari aurre egiteko erakusketa ibiltaria

Tolosaldea Sahararekin elkarteko Gregorio eta Eli Eizagirre, Salahrekin. / M.A.
Tolosaldea Sahararekin elkarteko Gregorio eta Eli Eizagirre, Salahrekin. / M.A.

Haur sahararren 21 erretratuk osatzen dute 'Amasahara' erakusketa solidarioa, eta horiek erosteko aukera dago

MIRIAM ARANDIA IBARRA.

Identitatea, tradizioa, maitasuna, kultura, osasuna, garaipena, haurtzaroa, erresistentzia, memoria, parekidetasuna... hala izendatu ditu Maiatzak 20 elkarteak gazte sahararren erretratuak jada ikusgai eta salgai dauden Ibarrako kultur etxeko 'Amasahara' erakusketan. Saharako adingabeek errefuxiatu kanpalekuetatik at egonaldi baterako aukera izan dezaten bilduko dute dirua.

Orotara, Saharako 21 ezaugarri islatu nahi izan ditu elkarteak argazkietan, eta horretarako, haur bakoitzaren izaera hartu du kontuan. Maiatzak 20 elkarteko kide den Eli Eizagirrek dioenez, 'Amasahara' izenburua hitz joko bat da Amasa herriari berari erreferentzia egiten dioena; izan ere, 2016ko udan Amasako apaiz etxean egin zuten egonaldia zenbait haur sahararrek, eta Nora Urbizuk haien aurpegiak erretratu bilakatu zituen. «Sahara herria ere hartzen du barne izenburuak, eta 'ama' hitza ere badarama. Urtero saharar familietako ama askok euren seme-alabak bidaltzen dituzte hona, ezezagunen eskuetara babes bila, bi hilabetetarako. Eta ama horiek guztiak omendu nahi ditu erakusketak».

Erakusketa ibiltaria da, herriz herri mugitzen ari baita. Ibarran, esaterako, urriaren 20a bitarte bisitatu ahalko da. Argazki guztiak salgai daude hiru tamainatan: 70x50 zmko tamainako irudiek 60 euroko prezioa dute, 30x40 zmkoek 25 eurokoa eta 20x30 zmkoek 15 eurokoa. Aurreko urteko azaroan aurkeztu zuten erakusketa ibiltaria, eta uztailera bitartean, material asko lortu dute saltzea, bai posta-txartelak, bai orri-markatzaileak, bai koadernotxoak, eta abar: «Oso pozik gaude alde horretatik, baina jendeak erabakiko du noiz arte iraungo duen erakusketaren ibilbideak».

Maiatzak 20 elkartea Tolosaldea Sahararekin elkartetik sortu zen, 'Oporrak Bakean' programaren babes moduan, aterpetxeetako egonaldiak indartzeko asmoz. Horren erakusle dira erretratuan ageri diren haurren egonaldiak, Amasako apaiz etxean igaro baitzituzten udako bi hilabeteak.

Erakusketa hori lerro artean irakurriz gero, Eizagirre aita-alabek eskatzen dutena da «sahararrak bere herrira bueltatzea». Horretarako, «erakundeen babesaren ezinbestekotasunaz» mintzo dira, bertako herritarrek hain itxaropentsu espero duten erreferenduma gauza dadin.

Benetako auzia

Sahararrek etorkizunari kezka handiarekin begiratzen diote, urte ugari daramatzate-eta erreferenduma noiz egingo den zain. 1975etik, hau da, duela 42 urtetik, herri sahararra indarrez Aljeriako desertuan bizirautera derrigortua izan zen bere lurraldetik kanpo. Mendebaldeko Sahara espainiar kolonia izan zen hamarkada bat baino gehiagoz Marokoren eskuetan erori zen arte.

Akordio hirukoitza baten bitartez, Mauritania, Espainia eta Marokok berretsitako adierazpenak Sahara herriko lurralde eskualdatzea bermatzen zuen, eta gaur-gaurkoz, Sahara bi aldek osatzen dute: batetik, Marokoko errepresioaren pean dagoen Mendebaldeko Sahara, eta, bestetik, Aljeriako errefuxiatuen kanpalekua.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos