Ruper Ordorikaren kontzertua Kultur Astean

NÚÑEZ LARRAUL.

Urtero bezala azaroaren azken astean ospatuko da Kultur Astea Larraulen. Herrian dena prest dute hilaren 25etik abenduaren 3ra bitartean izango diren ekitaldietarako. Larunbatean, azaroaren 25ean, Guardiara egingo duten irteerarekin hasiko dute Kultur Astea, eta igandean I. Eskoba Txapelketa antolatuko da 16:00etan eta ondoren, 19:00etan, gazteentzako pelikula emanaldia izango da.

Astelehenean, argindarraren kontsumoari buruzko hitzaldia izango da 19:30ean, eta asteartean 18:00etan urte guztiko argazki bildumaren proiekzioa izango da eta ondoren, 19:30ean 'Catalunya bidegurutzean' mahai-ingurua izango da Berriako Martxelo Otamendiren, Argiako Estitxu Eizagirreren eta EAJko Luke Uribe-Etxeberriaren eskutik.

Asteazkenean, hilaren 29an, Gipuzkoako Erromanizazioaren inguruko hitzaldia eskainiko du Elena Torregarai Oiasso museoko arduradun zientifikoak eta ostegunean, perretxikoei buruzko hitzaldia izango da Ibon Azpilikuetaren eskutik. Ostiralean, ohi den moduan haurrentzako merienda eskainiko da Katillu-Txulo elkartean eta ondoren pelikula emanaldia izango da. 21:00etan kantu afaria izango da Txalainak Hertzainak taldearen tributu-taldearekin.

Abenduaren bian, goizeko 11:00etan Tibeteko kaikuekin hitzaldi-tailerra izango da. Arratsaldean, berriz, mus txapelketa izango da elkartean eta ondoren patata-tortilla lehiaketa antolatuko da plazan. Tortilla egiteko tresnak eta osagaiak norberak etxetik eraman beharko ditu. Bitartean, egutegirako argazkien aukeraketa egiteko proiekzioa izango da. 20:30etan Ruper Ordorikaren kontzertua izango da San Esteban elizan.

Igandean, abenduaren 3an, mendi ibilaldia egingo dute goizeko 10:00etan. Arratsaldean, berriro ere egutegirako argazkiak aukeratzeko aukera izango da eta 18:00etatik aurrera talo eta gaztaina-jatea egingo da elkartean, Kultur Asteari amaiera emateko. Egutegirako argazkiak atxega@buhameak.eus helbidera bidali beharko dira eta urteko ekitaldienak diaporamak@gmail.com helbidera.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos