Idi probetatik jatetxeko kartara

Jose Inazio Soraluze, 500 kilotik gora pisatzen zituen idiarekin. Kartan eskaintzen du orain haragia. Beste bost idi gizentzen ari da orain. / A.B.
Jose Inazio Soraluze, 500 kilotik gora pisatzen zituen idiarekin. Kartan eskaintzen du orain haragia. Beste bost idi gizentzen ari da orain. / A.B.

Korta jatetxeko Jose Inazio Soraluzek Sanabresa arrazako idiak hazten ditu demarako eta orain haragitarako ere gizentzen hasi da

ARANTZAZU BAZTARRIKA GABIRIA.

Jakina da Euskal Herriko jatetxe tradizional bat fundamentuzkotzat hartzeko kalitatezko behiki haragi eskaintza egitea ezinbestekoa dela, hori ziurtatzeko eta zerbait berezixeagoa jaleen ahora eramateko asmotan Gabiriako Korta jatetxekoek, ez kasualitatez, idi haragiaren alde apustu egitea erabaki dute. Jose Inazio Soraluzek, Korta jatetxearen jabeak, abeltzaintzan ere jarduten du, baina ez edozein eratan.

Jatetxea gobernatzeaz gain, Sanabresa arrazako idiak hezi eta entrenatzen ditu Gabiriako zelai berdeetan, eta jatorriz idi hauek apustuetan jardun eta irabazteko diren arren, oraingoan, bere ale bikainenetako bat bezeroen ahogozagarri izateko erabakia hartu du.

Soraluzek, urteak daramazki bere idiekin proba ezberdinetan parte hartu eta irabazten, izatez badu errekorrik ere, Nemesio Arregiri Azkoitian kendua: idi bakarrak ordu erdian 1850 kiloko harriarekin 32 plaza egitea. Eta orain haragitarako erabilitako idia ere apustuetan fin ibilia da, baina Soraluzek ez omen zuen idi honentzako bikote idealik aurkitzen eta bere ezaugarri fisikoak aintzakotzat hartuta, haragitarako egokiagoa izango litzatekeela pentsatu zuen. Helburu horrekin dieta berezi bat jarri zion bere haragiak zapore eta egitura bereziak har zitzan.

500 kilo baietz

Hala idia hazten zihoan, eta askotan bezala, Kortan dozena erdi bat lagun bilduak ziren gosaltzeko, hauetako batek esan zuen Gabirian ez zegoela 500 kilo pisatzen zituen animaliarik, eta etxeko jaunak apustua bota zuen, 1.000 euro jartzen bazituzten aste horretan bertan hilko zuela idia eta baietz 500 kilotik gora pisatu.

Esan eta egin. Aste hartan bertan eraman zuten Oñatiko Zubillaga hiltegira eta bertako pisuak ez zuen gezurrik esaten: 528,80 kilo pisatzen zituen. Soraluzeren Apostuetarako grina aitaren aldetik omen datorkio, baina 13 anai-arrebetatik bera omen da hartxo hori oinordetzan hartu duen bakarra.

Horrela, ia-ia 530 kiloko idiaren haragi xamurra bere jatetxeko kartan barne-bildurik dago, eta honako hau gelditzeko inongo asmorik ez duen prozesu baten hasiera baino ez da, bere borondatea idi haragiaren eskaintza jatetxean beti izatea bait da, eta horretarako jadanik baditu beste lau idi gizentze prozesuan hasita.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos