Pozik eta harro egoteko moduko proba

Olano (erdian), Diaz eta Serrano, mutilen podiumean./
Olano (erdian), Diaz eta Serrano, mutilen podiumean.

Martin Diaz segurarra eta Ainhoa Sanz urretxuarra nagusitu ziren Leharrei mendi lasterketaren hirugarren edizioan

ARANTZAZU BAZTARRIKA GABIRIA.

Atzo goizean egin zen Gabirian III. Leharrei mendi lasterketa, eta aurreko bi edizioak bezalaxe oso pozik eta harro egoteko moduko emaitzak izan zituen. Antolatzaileek hilabetetan eginiko primerako lana nabarmen gelditu zen, eta horrenbeste boluntarioren prestutasuna ere azpimarratzekoa da, bolondres gehitxo elkartzearena ez baita beste inon gertatzen. Hala goizean oso goiz mugitu zen atzo jendea, baina bezperan ere bazen bai zer egina, izan ere hurrengo eguneko lasterkariek nahi baldin bazuten beraien zenbakiak jaso zitzaketen eta bitartean, lasterketari lotuta I. Street boulder txapelketa ikusteko eta nahi ezkero parte hartzeko aprobetxatu zezaketen.

Eskalatzeko txapelketa honetan 6 bide prestatu zituzten, zailtasun eta izaera ezberdinekoak herriguneko eraikuntza ezberdinak erabiliz, adibidez udaletxea edo herri eskola. Guztiak saiakera gutxien eginda igotzen zituenak irabazten zuen, mutiletan Miguel izan zen garailea eta Nahia nesketan.

Lasterketara itzuliz, 9:30ean suziriaren «pum» entzutean abiatu ziren 120 lasterkari inguru kaskotik 24 km egin eta leku berean amaitzeko helburuarekin. Asteko euri jasek bideetan lokatza eta ur ugari utzi zuten arren egunean behintzat eguraldia lagun izaki parte hartzaileek paraje eta bista zoragarriez gozatzeko aukera izan zuten Gabiriako mendi puntetatik, nahiz eta posible izan batzuk horretarako denborarik ez izatea, irabazleak, Iñaki Olano altzotarrak (02:02:09 ) oso lasterketa ederra iruditu zitzaiola adierazi zuen amaieran, bigarren, segundo gutxi batzuetara, eta bide guztia ia-ia batera eginda, Martin Diaz segurarra izan zen (02:02:54 ) eta hirugarrena Sergio Serrano Idiazabalgoa (02:11:59). Hiru hauek osatu zuten gizonezkoen palmaresa. Lehenengo hiru emakumeak berriz Ainhoa Sanz urretxuarra ( 02:25:05), Amaiur Iglesias Errenteriakoa (02:51:21), eta Jone Cerezo Zumarragakoa ( 03:03:05) izan ziren. Honela Goierri kopako lider postuan Martin Diaz eta Jone Cerezo gelditu ziren.

Agerreko askatik helmugara iristeko dagoen azken aldapa, lasterketari izena ematen diona hain zuzen ere, azkarren egiten zuenarentzat ere bazen sari itzel bat: Ternuako berokia. Hau Iosu Imaz beasaindarrak lortu zuen, bost minututik behera pasaz malda igotzen.

Horrez gain, lasterkarien artean beste zenbait sari bikain ere zozketatu ziren: Aztiri, Korta eta Ostatu jatetxeetan afariak, Josbel ileapaindegiko bono bat, Ternuako motxilak, Araiz-ko bitxi bat, Bengoetxea txakolin botilak, eta abar luze bat.

Argi dagoena, guzti-guzti honek Leharreizale gehiago sortarazten dituela da, eta datorren urteko lasterketa egunerako irrikak piztu, jadanik denok zain gaudela.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos