Osinaga dorre-jauregiaren maketa egin du Rafa Berasategik

Osinaga dorre-jauregiaren eta Nafarroako portalaren maketa. / A.S.

Segurako Historia Berreskuratzeko Bidean leloarekin, Berasategik egiten duen seigarren maketa da

ANDONI ETXEBERRIA SEGURA.

Osiña edo Osinaga dorre-jauregiaren maketa ikusgai dago Rafa Berasategiren Errastioatza erakustokian. Lardizabal kalean, harresiaren alboan, dagoenez eraikina, Nafarroako portalarekin osatu du maketa. Azken urteetan, gainera, Osiña atea izena ere hartu du sarrera horrek.

'Segurako Historia Berreskuratzeko Bidean' leloarekin, Berasategik egiten duen seigarren maketa da Osinagakoa. Rafak esan digunez, «oraingoan eraikin hau aukeratu dut Segurak 1640an izan zuen sutean zutik geratu zen eraikin bakarrenetakoa delako. Gaur egungo plaza, errebotea, arboladia...herriaren goialdean zeuden eraikin gehienak kiskali ziren eta Osiña etxearen zati bat ere bai, baina beheko aldea mantendu zuen. Horregatik, balio handia du dorre jauregiak, Segurako eraikuntza aztarna zaharrenak mantentzen dituelako. Juan Antonio Chavarri Sarasua arkitektoak Hirigunearen Plan Berezia egin zuenean datu asko bildu zituen jauregiaren inguruan eta informazio hori erabili dut maketa egiteko».

XV. mendekoa

Osinaga dorre-jauregia XV. mendearen hasieran eraiki zuen Juan Martinez de Ugarte abokatuak, gotiko estiloan. Sutearen ondoren, 1645ean jasan zituen lehen aldaketak. Seguran egurrezko fatxada zuten eraikin gehienak desagertu ziren eta, Osinaga suteak harrapatu bazuen ere, sarrera nagusiko lehen bi solairuak mantendu zituen. Oraindik sutearen ondorioak ikus daitezke zati horretan.

Jabeak eraikina zaharberritu bazuen ere, ez zuen jatorrizko egitura inoiz berreskuratu eta egoera txarrean mantendu zen. Gaur egungo itxura 1850ean hartu zuen neoklasiko popular estiloan.

Fotos

Vídeos