Ormaiztegiko XXXI. odolki lehiaketa, igandean

Juan Jose Lapitzi, sukaldaritzan aditua zenari, omenaldia egingo zaio

DV ORMAIZTEGI.

Aurten Ormaiztegiko XXXI. odolki lehiaketa ospatuko da. Herriko zaindaria den Ander Deunaren omenez ospatzen diren jai nagusietan bertako jaki ezagunena den odolkiak urtero izaten du bere lekua jaien egitarauan. Aurtengoan ere igandean, hau da abenduaren 3an, odolkia izango da eguneko protagonista.

Goizean goizetik eguerdira bitartean odolkia osagaitzat harturik lehiaketa desberdinak gauzatuko dira herriko enparantzan. Hain zuzen, Ormaiztegiko XXXI. odolki lehiaketa, XX. odolki osagaien lehiaketa eta Ormaiztegiko odolkia osagaitzat duten plateren XVI. sukaldaritza lehiaketa ospatuko dira.

Sukaldaritza lehiaketari dagokionez ondorengo sariak banatuko dira. Platerik onenarentzako lehenengo saria eta aurkezpen onenaren saria. Aurtengoan, 14tik 18ra urte bitarteko gazteen artean platerik onena aurkezten duenak ere saria jasoko du.

Goiz osoan zehar artisau produktu gastronomikoen azoka izango da. Bertan erosi ahal izango dira, besteak beste, gazta, euskal gozogintza, kontserbak, hestekiak...

Aurtengoan Juan Jose Lapitz sukaldaritza arloko aditu ezagunari omenaldia eskainiko zaio. Hain zuzen, Juan Jose Lapitz, urtero urtero izaten baitzen Ormaiztegiko odolki lehiaketako epaimahikide, harreman estu estua izan zuen betidanik Ormaiztegirekin. Zoritxarrez Juan Jose Lapitz ez da gure artean izango, hain zuzen uztailaren 11n Hondarribian zendu zelako, tamalez aurtengo odolki lehiaketan bere hutsunea nabarmena izango da. Betidanik, Ormaiztegiko odolki lehiaketari Lapitzek egin zion neurri gabeko ekarpenengatik esker oneko omenaldia jasoko du.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos