300 orientazio zale iparraren bila Zegamako basoetan

Iparorratza eskuan, balizen bila ibili ziren basoko zuhaitz tartea. / E.A.
Iparorratza eskuan, balizen bila ibili ziren basoko zuhaitz tartea. / E.A.

Eguraldia lagun, orientazio probak egin ziren larunbat eta igande goizean baso ikusgarrien artean

EDURNE ALBIZU ZEGAMA.

Asteburuan zehar, eguraldia lagun, Zegamako baso ikusgarriez gozatu ahal izan dute bertara hurbildu diren 300 orientazio zalek baino gehiagok. Larunbat eta igande goizean, Ipar ligako eta Pyreneko ligako probetan, COBI taldeko bizkaitarrak izan ziren nagusi, Cristina Rico eta Urtzi Iglesias, guztira bi ordutik gorako denborak behar izan zituztelarik.

Mendiko bi probetan, norberaren gaitasun eta adinaren baitan ibilbide desberdinak egin ahal izan zituzten. Denera hamar zeuden. Irabazleak bi egunetako denboren batura kontutan hartuta izendatu ziren, eta larunbateko proba ertainean, Beundatik-Otzaurtera, denbora tarte haundiak izan ez baziren ere, igandeko proba luzea erabakiorra izan zen hainbat mailetako sailkapenak irauliz.

Basoko aldapak, eta bertan dauden xehetasunak, arrokak, zuhaitz eroriak, ikatz-lekuak edo lur erretenak, balizen kokaleku politak izan dira eta iparorratzaren laguntzarekin fin ibili beha izan zuten mendian barrena orientatzen.

Uxue eta Unax, garaile

Nahikoa ez, eta larunbat arratsaldean, Zegamako herrira jeitsi ziren parte hartzaileak, bertan sprint modalitateako froga dibertigarrian parte hartzeko. Pilotalekutik abiatu zen proban, herrian barrena kokatzen ziren balizak azkar bilatu behar izan zituzten, 2-3 kilometro osatu behar izateko.

Kasu honetan, Unax Galarraga eta Uxue Fraile gipuzkoarrak izan ziren nagusi, segundu gutxi batzuengatik nagusitu zirelarik.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos